Ariketa bat proposatzen dizut: zenbatu ditzagun, adibidez, zenbat kamiseta edo galtza dauzkazun (era guztietakoak), eta ondoren zenbatu horietatik zenbat ez dituzun jantzi azken sei hilabeteetan. Zer ondorio atera duzu? Daukagun arropa guztia behar dugu edo gehiegi daukagu?
Kontatzeak beldur pixka bat ematen dit, baina 50 kamiseta baino gehiago kontatu ditut, eta erdia baino gutxiago erabiltzen ditut. Ondorioa, arropa gehiegi daukagula, eta asko ez dugula erabiltzen. Ikusten da, arropa gehiegi daukagula.
Iruditzen zaizu zeuk 14-15 urte zenituenean hainbeste arropa izaten zenutela?
Ez, nahi bai, baina ni gaztea nintzenean askoz arropa gutxiago nituen, gehienbat garestiagoa zelako. Orain arropa merkeagoa da eta horrek ere kontsumoa handitzen du, erraztasun gehiegi dago arropa erosteko.
Zergatik erosten dugu arropa, beharragatik edo modari jarraitzeagatik?
Batzuetan beharragatik, askotan modagatik, desberdina izateko. Arrazoi askogatik erosten dugu baina, nire ustetan, gehienbat modagatik da.
Uste duzu arroparen gehiegizko kontsumoa arazo bat dela ingurumenaren ikuspegitik?
Arazoaren zati bat bai, baina horrez gain beste gauza asko daude garrantzi gehiago dutena. Adibidez, garraioa, hemendik hara ibiltzea, kontsumoa, ez bakarrik arroparena.
Zuek etxean hartu duzue neurririk hainbeste arropa berri ez erosteko? Adibidez, bigarren eskukoak erosiz edo arropa berria soilik beharrezkoa denean erosiz?
Ez dugu araurik jarri, baina egia da saiatzen garela gehiegi ez kontsumitzen. Esan behar da ere etxean nerabe bat dugula.