Nolako herria: elkarrizketak 2025

"Gure arroparen %90 bigarren eskukoa da"

Oier Rodriguez Zubizarreta 2025ko ots. 4a, 11:43

Marta Zubizarreta Urrestarazu elkarrizketatu dugu, moda eta arroparen kontsumoari buruz.

Ariketa bat proposatzen dizut: zenbatu ditzagun zenbat kamiseta edo galtza dauzkazun, eta horietatik zenbat ez dituzun jantzi azken sei hilabeteetan.
Dauzkadan galtza pare guztiak nahikoa erabiltzen ditut. Kamiseta gutxi nituen, eta gehiago erosi behar izan nituen. Jertse asko nituen, eta garbiketa bat egin behar izan nuen.

Iruditzen zaizu zuk 14-15 urte zenituenean hainbeste arropa zenuela?
Ez, nik 14 urte nituenean ez neukan arropa askorik, ez nengoelako arroparen kontuarekin oso sartuta.

Zergatik erosten dugu arropa, beharragatik edo modari jarraitzeagatik?
Gure kasuan, etxean beharragatik erosten dugu, bost pertsona baikara. Hala ere, arropa asko lehengusuengandik eta lagun baten semearengandik jasotzen dugu. Gutxi gorabehera, gure arroparen %90 berrerabilitako arropa da, baina batzuetan kapritxoren bat ere erosten dugu.

Uste duzu arroparen gehiegizko kontsumoa arazo bat dela ingurumenaren ikuspegitik?
Nire ustez, arropa neurri handiegian erosten dugu. Nire ikuspegitik, horren laurdena armairuan ahaztuta egoten da. Behar dena bakarrik kontsumitu beharko litzateke. Ingurumenaren aldetik, kalte handiak ekar ditzake, eta gero eta gehiago kontsumitzen dugunez, gero eta gehiago kutsatzen dugu.

Zuek etxean hartu duzue neurririk hainbeste arropa berri ez erosteko? Adibidez, bigarren eskukoak erosiz edo arropa berria soilik beharrezkoa denean erosiz?
Gure umeen arropa gehiena lehengusuek utzitakoa da, eta gauza berri askorik ez dugu erosten. Hala ere, oso zulatuta badago edo ezin bada erabili, berri bat erosten dugu. Lehen esan bezala, kapritxoren bat erortzen da noizbait, baina ez askotan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide