UEMAren 'Egin nirekin ere euskaraz' kanpainarekin bat egin du udalak

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 5a, 12:30

Dendariak kalean Erribera kalean. (Jabi Gonzalez Toston)

Beste herrialdeetatik Euskal Herrira etorrita, euskara ikasi eta tabernetan edota dendetan lan egiten duten pertsonak dira UEMAren kanpainako protagonistak. Haiekin gaztelaniaz hasten diren euskaldunen aurreiritziak gainditzea du helburu. 

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Egin nirekin ere euskaraz izeneko kanpaina jarri zuen abian duela bi urte. Euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko asmoa zuen kanpaina hark, eta lehen urteetan haurrak zein nerabeak izan baziren haren irudi, oraingo honetan, mankomunitateko kide diren udalerri batzuek egindako eskaerei so eginez, tabernari, zerbitzari edo dendari lanetan aritzen diren pertsonak izango dira protagonista.

Kanpaina berri horren protagonistak beste herrialde batzuetatik etorri dira Euskal Herrira, eta euskara ikasteko hautua egin dute. Hala ere, aurreiritziak direla medio, gainerako herritarrek erdaraz egiten diete. Aipatu aurreiritzi horiekin amaitu eta pertsona hauekin ere euskaraz aritzera gonbidatu nahi ditu UEMAk kanpaina horren bidez. 

Zumaiako Udalak ere bat egin du kanpainarekin, eta haren inguruan sortu dituzten kartel eta diptikoak jarriko dituzte herriko eraikin publikoetan. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide