Entzungai dago Miguel Gutierrezen 'Basoa.wav' diskoa

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 6a, 08:00

Udalak emandako sormen bekaren laguntzarekin, elektronika eta tradizioa uztartu ditu zumaiarrak. Hogei sortzaileren laguntza izan du sei abestiko diskoa ontzeko.

Entzungai dago jada Miguel Gutierrezek ondutako Basoa.wav diskoa. Zumaiako Udalak emandako sormen bekaz baliatuz, elektronika eta tradizioa uztatu ditu sortzaileak Artadin duen estudioan grabatutako sei abestiko diskoan. Musika sortu eta zabaltzeko espazio berriak eraikitzea ere izan da Gutierrezen asmoa proiektu horrekin.

Ez da bakarrik aritu Gutierrez diskoa sortzeko prozesuan, hogei sortzaile baino gehiagok kolaboratu dute eta diskoaren grabazioan. Horien artean izan dira Jon Maia, bertsolari, abeslari eta hitzen egilea; Joxe Mari Azkue buru duen Zumaiako Musika Banda –bi abestitan jo du musika taldeak–; Maria Zubimendi de la Hoz akordeoi jotzailea; Maddi Gallastegi bertsolari eta letragilea; eta Manu Aizpurua Bikabi rock taldeko musikaria. Abesbatza herrikoi batek ere parte hartu du diskoko grabazioan. 

Bideoklipa ere bai

Proiektua, ordea, ez da musikara mugatu. Gazte ekimenak sustatzeko udalak sortutako beka batez baliatuz, Iñaki Agirrezabalaga ikus-entzunezkoen sortzaileak Basoa.wav diskoan jasotzen den abesti baten bideoklipa sortu eta aditzera eman zuen duela aste batzuk.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide