Urederraren iturburura txangoa antolatu du Beheko Plaza elkarteak

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 8a, 09:30

Urederraren iturburua. (Nafarroako Turismoa)

Nafarroako Bakedano herrira egingo dute egun osoko txangoa apirilaren 12an. Izen-ematea datorren astelehenean, martxoaren 10ean, zabalduko dute Hogarrean.

Beheko Plaza jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak egun osoko txangoa antolatu du bere bazkideentzako. Apirilaren 12an egingo dute, eta Nafarroako Bakedanora joango dira, Urederraren iturburura, hain zuzen ere. Urbasako mendigune karstikoan sortutako akuiferoaren irteera naturala da Urederra ibaiaren iturburua.

Parte hartzaileek 6,2 kilometroko bidea egingo dute oinez. Ibilbideak 90 metroko desnibela izango du, eta antolatzaileen ustetan, bi ordu eta erdi inguruan egiteko modukoa izango da. Mendian ibiltzeko arropa eramatea gomendatzen dute, baita oinetako eta bastoi egokiak eramatea ere. Garbi utzi dute ez dela txango egokia izango mugikortasun murriztua duten pertsonentzako. Gehienez, 62 pertsonak hartu ahal izango dute parte irteeran.

Izen ematea datorren astelehenean, hilaren 10ean zabalduko dute. Izenak Beheko Plaza elkarteak Hogarrean duen bulegoan emango dira, 11:00etatik 12:00etara bitartean. Prezioa 50 euro izango da pertsonako.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide