Arizona izeneko antzezlana ikusteko aukera izango da Zumaian martxoaren 21ean. Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak antzeztutako lana 20:00etan taularatuko dute Aita Mari aretoan. Antzezlanerako sarrerak datorren asteazkenean, hilaren 12an, jarriko dituzte aurrez salgai, Turismo Bulegoan eta sarrerakzumaia.eus webgunean, 8,50 euroan (5,95 euroan gazte txartelarekin). Pertsonako lau sarrera erosi ahal izango dira gehienez.
Sinopsia
Georgek eta Margaretek beren mugak defendatu behar dituzte. Bizilagunak hor daude, zelatan, ahalik eta deskuidurik handienean gurutzatzeko zain. Baina, Margaret galdera gehiegi egiten hasten denean, komedia musikala, bere bizitza zena, tragedia basati bihurtzen da.
Arizona ez dago hain urruti. Arizona hemen dago, Ceutan, Melillan, gure hiri bakoitzean, gizaki batek bizitza hobea lortzea eragozteko altxatzen den harresi bakoitzean.
Juan Carlos Rubioren testuak mugei, migrazioari, giza ergelkeriari eta manipulazioaren mugei buruzko gogoeta egiten du, bizitzaren basamortuan galdutako bi gizakiren arimaren erretratu tragikomikoa izateaz gain.
Argudio sinple batekin, AEBk Mexikorekin duen mugara doazen bi gringo, Arizonako estatuan, bere aberria balizko arrotzengandik defendatzeko eta «mugei buruz hausnartzeko», egileak hutsunezko mundu bat asmatzen du, herrialdeen eta gizakien arteko inkomunikaziozkoa, egunero aduana intelektualekin asmatzen dugun absurduaren frisoa.