Uda partean, uztailaren 5ean, jokatuko dute Itzurun-Arranpla igeriketa zeharkaldia. Probaren izenak garbi uzten duen bezala, igerilariak Itzurun hondartzatik abiatuko dira eta Talaimendiko ertzetik joanda, Arbustain arrapalan bukatuko dute igeriketa saioa. Probarako izen-ematea behin Aste Santua pasata zabalduko dutela iragarri dute antolatzaileek. Izenak kronoak.com webgunean jasoko dituzte.
Iaz ezin izan zuten hondartza eta arrapala arteko zeharkaldia jokatu, itsasoaren egoeragatik. Itsasoz zeharkaldia ezin zenez egin, alternatiba bat aurkitu nahi izan zuten antolatzaileek, igeriketa saioa errioan egitea, hain zuzen ere. Hura ere bertan behera utzi behar izan zuten, uraren kalitateagatik, analisietan e-coli bakteria aurkitu zutelako.