Sormen bekak eskatzeko deialdia zabaldu du Zumaiako Udalak, hirugarren urtez jarraian. 2022an sortu zuen udalak herritarrei zuzendutako diru laguntza berria, "sormen lanak babesteko helburuarekin". Hala, interesa dutenek martxoaren 28ra arte izango dute kultura eta artearen alorreko sormen lanetarako bekak eskatzeko epea.
Askotariko kultur sorkuntzak aurkez daitezke deialdira: hala nola literatura, antzerkia edo antzerki testuak, zinema eta ikus-entzunezkoak, dantza, arte plastikoak. Banaka zein taldean egin daitezke proposamenak, eta, guztira, 6.000 euro banatuko ditu udalak irabazleen artean. Izan ere, jasotako proiektuen balorazioaren arabera, kopuru osoa proiektu bakar batek jaso dezake, edo gehiagoren artean banatu. Diru laguntzaren kontzeptu guztiak diru laguntza izendatu eta bederatzi hilabeteren epean egin beharko dira.
Lehenengo deialdian, 2022an, Ibane Astigarragak eta Esti Curielek beka bana eskuratu zuten: Astigarragak Julio Beobideren inguruko ipuin kontaketa bat prestatu zuen; Curielek, berriz, antzerki obra baten hastapen lanak egiteko baliatu zuen diru laguntza. Iaz, Migel Gutierrezek lortu zuen bekaren zenbateko osoa, basoa.wav proiektu musikala garatzeko.
Irizpideak
Bekak emateko hainbat balorazio hartuko ditu kontuan udalak, eta hiru fasetan egingo du puntuen banaketa:
- Lehen fasea: 10 puntu. Udalerriarekiko lotura: eskatzaileak/ek eta proiektuak Zumaiako udalerriarekin duten lotura, guztizko puntuazioaren %10. Guztizko puntuazioaren %5era iristen ez diren eskaerak deialditik kanpora geratuko dira.
- Bigarren fasea: 80 puntu. Proiektuaren kalitate artistikoa (40 puntu). Aurrekontua, finantzazio plana eta proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa (10 puntu). Bestelako puntuak: Euskara: sorkuntza euskaraz izatea, hizkuntzari ekarpena... (10 puntu). Proiektuan genero ikuspegia txertatuta egotea (10 puntu). Herrian egingo den aurkezpen edo lanketa (aurkezpen, emanaldi, erakusketa, tailer...) eta Zumaiatik at izango duen ibilbide proposamena. (10 puntu)
- Hirugarren fasea: 10 puntu. Curriculum Vitaea (10 puntu).
Hori horrela, proposamenak Herritarren Arreta Zerbitzuan edo erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu daitezke. Deialdiari buruzko oinarri guztiak, berriz, honako lotura honetan aurki daitezke.