Garaipenarekin ekin dio Kbi A taldeak igoerako play offari

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 10a, 12:30

Zumaiako jokalariak Zarautzen aurka jokatutako jardunaldian. (Juan Luis Romatet)

Salto Bidasoa A taldeari 1,5-2,5 emaitzarekin irabazi zieten zumaiarrek, eta sailkapenean bigarren da, lider den Fomento Culturalekin puntuetara berdinduta.

Igoerako play off faseari ekin dio Kbi xake klubeko lehen taldeak. Preferente mailan lehiatzen ari den A taldeak Salto Bidasoa A-ri bisita egin zion pasa den larunbatean, baita ondo kostatutako garaipenarekin itzuli ere: 1,5-2,5 emaitzarekin irabazi zuen Zumaiako laukoteak, hiru berdinketa eta garaipen bati eskee. Paulo Alberdik, Oier Sarasketak, Fermin Laurobak eta Xabier Aranzabalek jokatu zuten pasa den asteburuan Kbi A taldearekin.

Jardunaldi honen ostean, bigarren dira zumaiarrak sailkapenean, Fomento Cultural taldearekin 11 puntutara berdinduta. Baiona taldea hartuko dute zumaiarrek datorren larunbatean, hilaren 15ean, Hogarrean. 

Kbiren bigarren taldea, berriz, jaitsiera ekiditeko fasean murgilduta dago. Pasa den larunbatean jokatutako jardunaldian bina berdindu zuen Gros K taldearekin, Hogarrean jokatutako partidetan. Julio Hernan Andrade, Oscar Aizpurua, Miguel Angel Aguado eta Iñaki Arrieta izan ziren zumaiarren ordezkariak jardunaldi horretan. Sailkapenean, berriz, laugarren dira 8 punturekin, eta datorren larunbatean bigarren den Gros J-ren aurka arituko dira, Donostian.

Hirugarren mailan dabilen C taldeak, aldiz, 1-3 emaitzarekin galdu zuen Eibar B taldearekin aurka. Endika Ruiz, Oier Urbieta, Xabat Esteibar eta Danel Sanchez aritu dira pasa den asteburuan Zumaiako klubarekin. Sailkapenean bederatzigarren dira, eta datorren jardunaldian hamargarren den Eibar C-ren aurka lehiatuko da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide