Balenciaga ontziolako lan gatazka

Eusko Jaurlaritzak iragarri du "gaur edo bihar" sinatuko dutela Balenciaga ontziolaren zorraren kitapena

Maria Maya Manterola 2025ko mar. 11a, 12:39

'Fonnalaks' ontziaren itsasoratzea. (Arnaitz Rubio Aprea)

Mikel Jauregi Industria sailburuak azaldu duenez, hartzekodunetako asko zorra barkatzeko borondatea erakusten ari dira. Akordioa sinatuta, inbertsiogile posibleen txanda izango da; bi badirela aurreratu du. Balenciagaren kapitalean sartzeko aukerari ateak zabalik utzi dizkio sailburuak.

Joan den ostegunean Cofides sozietate publiko-pribatuak Balenciagak harekin duen zorra murrizteko erabakia hartu zuela jakinarazi zuen, eta erabaki hori "gaur edo bihar" ofizialduko dutela iragarri du Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak, Euskadi Irratiari emandako elkarrizketan. 

Jauregik eskerrak eman dizkio Cofidesi zorra barkatzeko borondatea erakutsi izanagatik. Era berean, hartzekodunetako asko borondate bera erakusten ari direla esan du, eta hartzekodun guztiek bide bera har dezaketela iragarri. Horrenbestez, zorraren kitapena gaur-biharretan adostuko eta sinatuko dutela uste du Jaurlaritzak.

Sailburuaren hitzetan, "etapa bat itxi eta beste bat zabalduko" da pauso hori eman ondoren, eta inbertsiogile posibleen txanda izango da gero; izan ere, badira Balenciaga erosteko hautagaiak. Jauregik esan du bi inbertsore posible daudela, biak nazioartekoak; bat Espainiako Estatukoa, eta bestea, ez du zehaztu nongoa. Dena den, horiekin elkarrizketak izaten ari direla ere jakinarazi du. "Inbertsiogile berriekin ari gara hizketan; horretan ari dira Andoitz Korta Industria sailburuordea [zumaiarra] eta haren lantaldea.

Halaber, Eusko Jaurlaritza bidean laguntzeko prest dagoela ere azaldu du Jauregik. "Etorkizunerako inbertsore horrek enpleguarentzat eta hornitzaileentzat ona izan daitekeen industria proiektu bat baldin badu, gu ere laguntzeko prest egongo ginateke". Horrez gain, Jaurlaritza Balenciagaren kapitalean sartzeko aukerari ateak zabalik utzi dizkio sailburuak, bide guztiak aztertuko dituztela esanda.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide