Jendaurrean agertzeko epea alegaziorik gabe gainditu eta Eusko Jaurlaritzak hiru urteko plana onartu ondoren, apirilean tentsiopeko eremu izendapena jaso dezake Zumaiak. Gaiaren inguruko argipenak emateko agerraldia egin dute gaur goizean udaletxean Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak eta Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak, eta sailburuak adierazi du datorren astean sinatuko dutela espedientea. Jaurlaritzak Espainiako Gobernuaren Etxebizitza Ministerioari igorriko dio gero espedientea, hark Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta dagozkion neurriak aplika ditzan.
Alkateak eskerrak eman dizkie sailburuari eta Jaurlaritzako gainerako ordezkariei herrira egindako bisitagatik. Haren hitzetan, urrats garrantzitsua da alokairuen prezioen goranzko joera arintzeko, baina "tresna bat" besterik ez da izendapena, eta "lehenbailehen ezartzea" beharrezkotzat jo du. "Alokairuen prezioa mugatzeko aukera irekiko du, alokairu kontratuetan aparteko hiru urteko luzapenak ezarri ahal izango dira, jabe handientzako muga indartsuak ezarri ahal izango dira, eta maizterrek babes gehiago izango dituzte, baina arazoa ez da politika integralik gabe konponduko", adierazi du. Izendapenaz gain, "neurri zehatz eta eraginkorrak jasotzen dituen" Ekintza Plana aipatu du alkateak.
Zenbait datu eman ditu Ostolazak. 2017tik 2022ra artean, alokairuen prezioa %22,8 igo zen. Etxebide erregistroan, gainera, 708 eskaera aktibo daude herrian etxebizitza eskatzeko, eta ez dago nahikoa etxebizitza eskuragarri alkatearen arabera, "ez salmentarako, ezta alokairurako ere". Egoerari aurre egiteko, baina, "neurri errealak eta ausartak martxan jartzen" urteak daramatzatela esan du; neurri horien artean dira etxebizitza turistikoen arautzea, promozio berriak sustatzea, etxe hutsak mobilizatzea nahiz alokairurako dirulaguntzak mantendu eta indartzea.
Izendapena martxan jarrita ere, "orain artean bezala" lanean jarraitzeko konpromisoan berretsi da alkatea, eta aipatu du horretan bidelagun izan nahiko lituzketela beste instituzio batzuk.
Egiturazko arazoa
Sailburuak, bere aldetik, gogorarazi nahi izan du Zumaia izendapena jasotzen bigarren herria izango dela, Errenteriaren atzetik. Zumaia bizitzeko da udalaren leloari egin dio erreferentzia Itxasok: "Bai Zumaia, baita etxebizitzak ere". Haren hitzetan, "eskaria handia" da, eta alkatea nahiz udal ordezkariak zoriondu ditu egindako lanagatik, izendapena eskatzen eta bestelako neurriak aplikatzen aitzindariak izan baitira.
Izendapena, gainera, "ez da izapide soila", Itxasoren ustez. Instituzioen arteko konpromisoa eta erantzukizuna da, eta herria egoera horretan egotea pozgarria izan ez arren, "egiturazko arazoa" onartzen du izendapena jasotzeak. "Etxebizitza eskuragarria, orekatua eta bidezkoa izan dadin beharrezkoa da izendapena", gaineratu du. Alkateak egin bezala, sailburuak ere Etxebizitza eta Hiri Agenda sailaren laguntzarekin udalak diseinatutako hiru urterako Ekintza Plana aipatu du, eta aurrerantzean ere laguntzeko prest agertu da Visesaren bidez Torreagako etxebizitzen promozioan, esaterako.
Ekintza Plana lagundu eta babesteko, zenbait neurri aipatu ditu: alokairuko etxebizitza babestuen kopurua handitzea, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea, zuzkidura bizitokiak sustatzea, lurzoru kualifikatua aktibatzea, hirigintza araudiak berrikustea eta alokairurako laguntza programak indartzea, besteak beste.