Zumaiako portuko udal kontseilua eratu dute

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 13a, 10:39

Herenegun egin zuen Zumaiako portuko udal kontseiluak bilera. (Eusko Jaurlaritza)

Herenegun egin zuen lehen bilera, eta Eusko Jaurlaritzako, Euskadiko Kirol Portuetako, udaleko eta amarratzaileen ordezkariak izan ziren. Aisialdiko dartsenaren inguruko gaiak aztertu zituzten, baita aurrerantzean egingo dituzten lanen berri eman ere.

Pasa den asteartean, hilaren 11n, eratu zuten Zumaiako portuko udal kontseilu berria, Euskadiko Kirol Portuek (EKP) Zumaiako kirol portuan duen bulegoan egindako bileran. Hitzorduaren helburu nagusia "kontseilua aurkeztea, bere funtzionamendua azaltzea eta bertako ordezkariak izendatzea” zela adierazi zuen Koldo Goitiak, Itsasertzaren Garapenaren, Portuen eta Itsas Gaien zuzendariak. Bileran izan ziren, baita ere, Zumaiako alkate Iñaki Ostolaza, Zumaiako kirol portuko amarratzaileen ordezkariak, Edurne Egaña EKPko zuzendaria eta portuen zuzendaritzako eta udaleko teknikariak.

"Portuaren Plan Bereziaz, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraz eta horrek portu-jabarian duen eraginaz eta aisialdirako dartsenarekin lotutako gaiez" hitz egin zuten udal kontseiluaren lehen bilkuran. Aurrerantzean Zumaiako portuko eremuan egitekoak diren lan batzuen berri ere eman zuten. Hala, egingo dituzten lanen artean, "bokalea eta nabigazio kanala dragatzea, portuko bideko mantentze lanak eta ubideratzeko harri lubetako juntak jartzea", egongo direla aurreratu zuten. 

Portuen jabariko guneak Zumaian

Portuen jabari publikokoak dira Zumaiako gune asko, eta horiek emakidan utzita daude udalari. Horien artean dira, esaterako, Txomin Agirre kaia eta Julio Beobide ibiltokia (7.991 metro koadro guztira), eta haien aparkalekuen eta trafikoaren uztiapena. Portuko eremuan daude, halaber, udalak kudeatuta, Gernika parkea, itsas kiroldegia, Santiago hondartzako pantalana, Zumaiako itsasadarraren gaineko oinezkoen pasabidea, Iraganeko industriaguneak ibilbideko hiru informazio-kartel eta udal-azpiegitura batzuk, hala nola, argiteria, saneamendua, drainatze sarea eta kanpoko dikeko zenbait eskultura. 

Gaur gaurkoz, Zumaiako Kirol Portua sozietate publikoan %49ko parte hartzea du Zumaiako Udalak eta gainerako %51 Eusko Jaurlaritzak.

Portuak dituzten Euskal Herriko udalerri askotan eratuko dituzte udal kontseiluak. Hala, Zumaiaz gain, Getarian eta Orion sortuko dituztela iragarri zuten Eusko Jaurlaritzako ordezkariek. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide