Goi mailako eskalada txapelketak uzteak on egin dio Eneko Carretero eskalatzaile zumaiarrari. Duela hilabete inguru Zarauzko rokodromoan jokatutako Masters txapelketa irabazi zuen 23 urteko eskalatzaileak, eta garaipen horri Baltzolako White Zombie lerroa flash erara egitea gehitu behar zaio.
Dimako Baltzola leizezulokoan kokatzen da White Zombie 8c mailako eskalada lerroa. Bola, zutabe eta pintzaz osatutako 30 metroko bidea da, eta Fernando Martinez bilbotarrak ekipatu zuen 1997an. Izen handiko eskalatzaileek bete dute lerroa ordutik, Rikar Otegik, Iker Pouk, Dani Andradak o Josune Bereziartuk, batzuk esateagatik.
8c mailako lerroa da Dimakoa, boulder eskaladako zailenetakoa. Aurretik ere egin izan ditu Carreterok maila horretako lerroak, baina azken horrek duen berezitasuna da flash erara egin duela. Hau da, lerroa lehen aldiz eskalatu du, erori gabe edo aseguruetan atseden hartu gabe, baina lerroari buruzko informazioa edukita edo lerroa hasi aurretik linea kateatuta ikusi ondoren.
"Atzokoa erotzekoa izan zen. Gutxien espero nuenean, ziurrenik nire bizitzako kolpe onena eman ahal izan nuen, hutsik egin gabe, presarik gabe, eta %100ean kontzentratuta ", azaldu zuen eskalatzaile zumaiarrak bere sare sozialetan. "Badirudi apurka-apurka arroketan egindako lana nabaritzen ari naizela. Orain inoiz baino motibatuago nago bide horietan oinarritzen jarraitzeko eta ea proiektatzeko beldurra kentzen diodan", gaineratu zuen.