Bihar sartuko da indarrean Zumaiako aparkalekuak arautuko dituen TAOren udaberriko sistema, baita bertakoen aparkaleku guneak ere. Ekainaren 14ra arte izango da indarrean. Egun hartan, eta udazkenera arte, udakoa aplikatuko da. Udalak jakitera eman duenez, iazko bertakoen txartelak balioa izango dute udaberrian zehar, eta tarte horretan txartela behar duenak udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan edo egoitza elektronikoaren bidez eskatu beharko du.
Udaberriko aldiak asteburu eta jai egunetako bertakoen guneak eta aparkalekuak arautuko ditu. Honakoak dira kontutan hartzeko puntuak.
- Txomin Agirre kaiko (Moilaberriko zubiaren eta Pulpo elkartearen artekoa) gunea (1) eta Amaiako plazakoa (2) egunero izango dira indarrean, astelehenetik igandera, 10:00etatik 20:00era. Gehienez hiru orduz aparkatu ahal izango da. 20:00etatik 10:00etara gune horietan aparkatzea doan izango da.
- Basadin, anbulatorio aurreko gunea (3) astelehenetik ostiralera izango da indarrean, 08:00etatik 17:00etara, eta gehienez hiru orduz aparkatu ahal izango da. 17:00etatik hurrengo eguneko 08:00etara, eta asteburu eta jai egunetan doan izango da han aparkatzea.
- Txomin Agirre kaiko (Zubitxikitik Moilaberriko zubira –4–, eta Pulpotik Arranplara –5–) guneak larunbat, igande eta jaiegunetan izango dira indarrean, 10:00etatik 20:00etara, eta hiru orduz aparkatu ahal izango dira ibilgailuak gehienez. Astegunetan eta asteburuetan 20:00etatik 08:00etara doan izango dira.
Beste aparkaleku guneak doan izango dira: Axular ibiltokia (6), Aita Mari futbol atzealdea (7), Itsas kiroldegia (8), Sarauneko zabalgunea (9) eta Izustarri kalea, Alaien (10).
Bertako guneak ere indarrean
Udaberriarekin batera, bertakoen guneak ere indarrean izango dira. Asteburuetan eta jaiegunetan bertakoek bakarrik izango dute gune horietan aparkatzea; astelehenetik ostiralera gune horietan aparkatzea libre izango da.