Balenciaga ontziolako lan gatazka

Iñaki Ostolaza: "Lehen pausoa eman da; orain inbertitzaileek proposamen zehatzak aurkeztea falta da"

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 13a, 17:12

Iñaki Ostolaza, Balenciagako langileek Batzar Nagusietan egin zuten agerraldian. (Twitter)

Zumaiako alkatearentzat "albiste oso ona" da Balenciagaren hartzekodun guztiek zorraren kitapena onartu izana. Orain inbertitzaileen txanda dela dio, "proposamenak mahai gainean jartzeko" unea.

Balenciaga ontziolak hartzekodunekin duen zorraren kitapenaren akordioa sinatu dute gaur, eta enpresaren hartzekodunen konkurtsoaren administratzailearen oniritzia ere jaso du. Enpresa aurrera ateratzeko, adostasuna lortu izana "oso garrantzitsua" dela uste du Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak. "Beste hartzekodun guztiok –orain Ostolaza S.L.-ren ordezkari bezala hitz egiten ari naiz– 2024ko abuztuan eman genuen [kitapena gauzatzeko] oniritzia. Orduan kanpoan geratu ziren batzuk akordioaren barruan dira orain; ongietorriak dira, beraz", adierazi dio hark Gukari. "Enpresa bat bideragarria izateko hartzekodun guztiek onartu behar dute zorraren kitapena egitea, eta oztopo hori kentzea albiste oso ona da", gaineratu du.

Orain, Ostolazaren esanetan, inbertitzaileen txanda da. "Ea enpresaren atzetik dabiltzan inbertitzaile horiek proposamenak aurkezten dituzten", adierazi du. Halaber, Eusko Jaurlaritzak lan egin duen bezala, finantza erakundeek ere beren hondar alea jarri beharko dutela esan du, halako enpresa bat aurrera ateratzeko, maniobra funts bat behar izaten delako. "Hasieran diru kopuru bat behar izaten da, eta horretarako beharrezkoa da finantza erakunde bat ondoan izatea". 

Ontziolaren etorkizuna bermatzeko pauso batzuk egin behar direla azaldu du Ostolazak. "Lehen pausoa eman da. Falta dena da inbertitzaileek proposamen zehatzak aurkeztea, eta Jaurlaritzak eta finantza erakundeek ekarpenak egitea. Ea denen artean ontziola berriro zabaltzen duten eta langileak lanean hasten diren".

Langileen ordezkariekin ere jarri da harremanetan Guka, baina akordioaren xehetasunak jakin arte iritzirik ez dutela emango adierazi dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide