Azken Oscar sarietan hiru garaikur –aktore onenarena (Adrien Brody), argazki eta musika onenarenak– jaso dituen The Brutalist filma emango dute asteburu honetan Aita Mari zinema aretoan. Ostiraletik astelehenera bitartean emango dute, baina duen iraupenagatik (hiru ordu eta erdiko iraupena du), saioak ohikoan baino lehenago emango dira, 18:00etan hain zuzen ere. Sarrerak aurrez salgai eros daitezke sarrerakzumaia.eus webgunean.
Sinopsia
Laszlo Toth Budapesten bizi den arkitekto judua da, Bauhaus eskolakoa. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, 40ko hamarkadan, Ameriketako Estatu Batuetara emigratzea erabakiko du. Bakarrik doa, nahiz eta badirudien emaztea, Erzsebet, bizirik dagoela. Laszlo lehengusuaren eta haren emazte katolikoaren etxera joango da, eta haien altzari negozio berrirako piezak diseinatzen hasiko da.
Lanpostu horrek Van Buren familiarengana hurbilduko du gizona. Liburutegi baten diseinua egin ondoren, eta lehengusuarekin izandako iskanbilak tarteko, Laszlok lana galduko du, baina Harrison Lee Van Buren gizon dirudunaren interesa irabaziko du. Beste proposamen bat egingo dio estatubatuarrak, zeina pauso garrantzitsua bilakatu daitekeen juduaren karreran: komunitatearentzat eliza bat diseinatzea, Brutalismoaren ondare eta Van Burenen ama hilberriarentzako omenaldi izango dena.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!