Dolua bezalako gaia landu du Mar Mar Teatro antzerkia konpainiak bihar Zumaian taularatuko duten Elara. Bidaia bat izarretara izeneko haurrentzako antzezlanean. Saioa eguerdiko 12:00etan hasiko da Aita Mari aretoan, eta sarrerak aurrez salgai egongo dira sarrerakzumaia.eus webgunean, 4,25 euroan. Egunean bertan aretoko leihatilan ere salgai izango dira.
Sinopsia
Maite den norbaiten galerarekiko doluak berdin eragiten die helduei zein haurrei, baina azken horien barneratzeko modua desberdina izan daiteke. Zereginean laguntzeko asmoz sortu zen haurrentzako antzezlana dugu hau. Elara protagonistak ezagutzen duen norbait izar-hauts bihurtzen ikusi eta bere bila espaziora joatea erabaki du. Galaxiatik galaxiara eta planetatik planetara bidaiatuko du bizitzaren zentzua ulertzen saiatuz, bere dolua igarotzen duen bitartean.