Martxoaren 17tik 30era, Sahararen aldeko erakusketa ikusteko aukera edukiko dute herritarrek Oxford aretoan. Astean zehar 18:00etatik 20:00era egongo da zabalik, eta asteburutan, aldiz, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Erresistentzia elikatzen: Saharar herriaren proposamena elikadura hobetzeko izango da erakusketa nagusia, eta bertan Aljeriako Tinduf hiriko errefuxiatuen kanpamenduetan sortutako elikadura arazoak hobetzeko sortutako proiektua ikusteko aukera izango dute zumaiarrek.
Dena dela, bestelako txokoak izango ditu erakusketak. Horietako bat Oporrak Bakean programari buruzkoa. Ekimen horretako argazkiak erakutsiko dituzte, azken urtetan Urola Kostara etorritako haur sahararrenak eta harrera familienak. Antolatzaileek azaldu dutenez, helburua izango da harrera familia berriak bilatzea. Aldi berean, informazio gunea ere jarriko dute, Darahli elkartearen lanari buruzko informazioa zabaltzeko.
Erakusketarekin batera, bestelako ekintzak ere antolatu ditu Saharako errefuxiatuen alde egiten duen Zumaiako taldeak. Hala, datorren ostiralean, hilaren 21ean, 19:00etan hasita, lan taldeen bilera egingo dituzte Oxforden bertan. Egun bat geroago, larunbatez, Oporrak Bakean programaren ekitaldi nagusia egingo dute. Oxforden izango da, goizeko 11:00etan hasita, eta Fronte Polisarioko ordezkariak eta harrera familiak izango dira bertan. Musika saioak eta te eta pastak dastatzeko aukera ere izango da.
Martxoaren 25ean, asteartean, apirilean kanpalekuetara egingo duten bidaiko xehetasunak emango dituzte. 18:30ean gurasoekin eta gazteekin bilduko dira, eta 19:00etan proiektuaren aurkezpen ofiziala egingo dute. Aste horretako ostiralean, hilaren 28an, 18:30ean, hitzaldia emango du Geert Demonek. Amaitzeko, martxoaren 29an umeentzako tailerrak eta jolasak egingo dituzte.