Beste garaipen bat erdietsi du Kbiren A taldeak

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 17a, 09:00

Kbi B taldea, artxiboko irudian. (Kbi xake kluba)

Igoera faseko partidak jokatu zituzten zumaiarrek etxean, Baionaren aurka, eta 2,5-1,5 emaitzarekin irabazi zieten lapurtarrei. 

Gipuzkoako xake ligako zortzigarren jardunaldia jokatu zuten pasa den larunbatean, eta Zumaiako Kbi xake taldeak bi garaipen eta porrot batekin bukatu zuen eguna. 

Igoera fasea jokatzen ari den A taldeak Baiona kluba hartu zuen zapatu arratsaldean etxean, Hogarrean. 2,5-1,5 emaitzarekin irabazi zieten zumaiarrek lapurtarrei. Kbi A-ren aldetik Paulo Alberdik, Oier Sarasketak, Erik Juezek eta Xabier Aranzabalek jokatu zuten jardunaldi horretan. Bigarren jarraitzen du Zumaiako taldeak, lider den Gros D-rekin 13,5 puntutara berdinduta. Datorren asteburuan, hilaren 22an, Eibarren jokatuko dute Fomento Cultural taldearen aurka.

Bigarren mailan lehian dabilen B taldeak ere garaipen garrantzitsua lortu zuen jaitsierako play offeko partidan. Gros J taldearen aurka aritu ziren, Donostian, eta 1,5-2,5 emaitzarekin irabazi zuten norgehiagoka. Oskar Aizpurua, Iñaki Arrieta, Andoni Harys Palawo eta Danel Sanchez jokalariek ordezkatu zuten Zumaiako kluba jardunaldi horretan. Sailkapenean laugarren dira, 10,5 punturekin, eta hurrengo jardunaldian bosgarren den Astigarraga B hartuko dute etxean.

Hirugarren mailan jokatzen ari den Kbi C taldeari dagokionez, 4-0 emaitzarekin galdu zuen Eibar C taldearen aurka. Aitor Aizpurua, Ibon Ruiz, Endika Ruiz eta Telmo Marin aritu ziren zumaiarren izenean. Sailkapenean bederatzigarren postuan amaitu dute liga.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide