June Fernandez kazetaria Zumaian izango da gaur, iaz plazaratutako Aingeruak eta neskameak. Haurdunaldi subrogatuei buruzko analisi feministak saiakera aurkezten. Fernandezek ordezkapen bidezko ernalketaren "konponbide politiko egingarria" arakatu du liburuan; izan ere, haren ustez, erraza da feminismo abolizionistatik alokairuzko sabelen kontrako jarrera morala izatea, baina ez soluzioa aurkitzea emakumeen eta umeen eskubideak defendatuz, gorputz autonomia errespetatuz, ugalketa merkatuen gosea frenatuz eta punitibismoaren lokatzetan ez eroriz.
Ertz askoko gaia da alokairuzko sabelena, eta horiei heldu nahi izan die Fernandezek liburuan. Horiez guztiez arituko da gaurko liburu aurkezpenean. Emakumeon Etxean izango da, 18:30ean, euskaraz.