Durangoko Ezkurdi frontoian jokatzen ari diren emakumeen Winter Series zesta punta txapelketako bigarren finalaurrekoa jokatu zuten atzo arratsaldez. Bi bikote neurtu ziren finalerako txartelaren bila: Elaia Gogenola berriatuarra eta Oaia Otaño mutrikuarra batetik, eta Ihart Arakistain eta Frida Watkins bestetik. Durangoko pilotalekura bertaratu ziren zaletuek partida borrokatua ikusteko aukera izan zuten.
4 eta 0 jarri ziren aurretik Sopelakoa eta Zumaiakoa lehen jokoan, baina aurkariek erreakazioa izan zuten eta bosna berdindu zuten. Zazpina eta zortzina ere berdindu zuten, baina hortik aurrera ihes egin zuten Gogenolak eta Otañok, eta 12-15 emaitzarekin irabazi zuten partida.
Bigarren jokoa oso bestelakoa izan zen. Bana, bina eta launa berdindu eta gero, 11 tanto jarraian egin zituzten Arakistainek eta Watkinsek. Jokoa 15-4 emaitzarekin irabazi zuten atzo marroi kolorez aritu zirenek eta jokoetan bana berdindu zuten.
Joko laburrean erabakiko zen zer bikote neurtuko zen finalean Helena Barrenetxea eta Arai Lejardiren kontra. Hor hobeto moldatu ziren Gogenola eta Otaño, eta 3-5 emaitzarekin irabazi zuten seta, eta bi joko eta bat eginez finalerako txartela.