Hariak edo kidekoak gurutzatuz eta mailak osatuz egiten den ehuna da sarea. Bai behintzat sare fisiko batez ari bagara; azalpena konplexuagoa da sare sozialez, Internet sareaz edo maila teknologikoko edozein arloz ari baldin bagara. Harien edo halako materialen elkarketa da sarea, eta gutxi edo gehiago, interes komun batzuk defendatzeko helburuz osatutako katebegien multzoa dela ere uler dezakegu. Modu batera edo bestera, gutako bakoitza sare baten parte da; izan herritar-sareko kide, kontsumitzaile-sareko bazkide edo ekoizle-sareko sustatzaile, besteak beste. Bada, edozein kasutan, argi izan behar da ez dela gauetik goizera osatu den sarerik.
Kolektiboan eraikitzen dira sareak, puntadaz puntada, keinuz keinu: herriko denda txikietan erosketak eginez, betiko kafetegian kafea hartuz, gaztetxeko asanbladetan parte hartuz, enpresa baten itxiera galarazteko manifestaziora joanez... Halaber, sareak bere molde eta adierekin iraungo badu, egonkortasunari eta sarea osatzen dutenen aldetik emandako babesari esker izango da. Azken urteetan feminismoari esker ikasi dugu gure inguruan ditugun sareek bizitzari eusteko balio digutela, interdependenteak garela, aldamenekoaren babesik gabe nekez egingo dugula aurrera, eta korronte neoliberalak hala nahi ez badu ere, taldean eta modu antolatuan indartsuagoak garela.
Alberga elkartea sortu genuenetik gabiltza herritarren eta proiektuen arteko sarea osatzearen garrantzia azpimarratzen. Ekonomia sozial eraldatzailea dugu premisa, kapitala erdigunean jarri baino, bestelako balio eta gauzei garrantzia emango dion ekonomia; bizitza bera, zaintza eta interkooperazioa oinarri dituen eredua da gurea. Duela urtebete aldizkari honetan bertan egindako elkarrizketan genion paradigma aldaketa handia eskatzen duela gure proposamenak, bestelako mundu ikuskera baten abiapuntua ezarri nahi dugula herrian; pertsonen arteko harremanetan horizontalagoa, naturarekin jasangarriagoa eta, oro har, egiteko moduetan feministagoa izango den begirada da proposatzen duguna. Hori horrela, arestian aipatu bezala, nekez urratuko dugu bidea guk bakarrik, eta nekez eraikiko dugu bestelako herri eredu baterantz urratsa egiteko sarea.
Otsailean Kofradian aurkituko gaituzue, beheko solairuan. Alberga elkartearen ate irekiak antolatu ditugu, herritar gisa elkartea zertan den ezagutzeko aukera izan dezazuen, eta albergakideek egun esku artean ditugun asmo eta proiektuen berri modu zuzenagoan jaso dezazuen. Ate irekion helburua elkartea herrira gerturatzea da, pixkanaka sarea josten hastea, eta gaur-gaurkoz ideia nahasia irudi arren, etorkizunerako oinarri kolektibo zabal bat eraikitzen hastea.
Hilabete osoa iraungo duen egitaraua osatu dugu, eta hitzaldiak nahiz tailerrak eskainiko ditugu. Gaur-gaurkoz bost proiektu daude Albergaren baitan, martxan dauden proiektu kooperatiboetatik hasi eta egonkortze bidean dauden bestelako egitasmoetaraino: sukaldaritza agroekologikoa, zaintza lanak modu antolatu eta burujabean eskaintzeaz arduratuko den kooperatiba, berrikuntza teknologikoa eta telekomunikazio nahiz energia burujabetzan sakontzen ari direnak. Besteak beste, argiaren faktura interpretatzeko saioa eskainiko du Piztu elkarteak. Maitane Cabezak, berriz, sukaldaritza ikastaroa emango du otsailaren 7an. Egitarau osoa Albergaren sare sozialetan, Zumaia Gukan edo Kofradiko atean jarriko dugun kartelean izango duzue eskuragarri.
Zumaian bizi eta lan egin nahi dugu, eta herri biziago bat dugu iparrorratz. Has gaitezen sarea egiten, sarea josten, sarearen parte izaten.