Le Cecle de l'Harmoniek Kursaalen emango duen kontzerturako autobusa izango da Zumaiatik

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 19a, 14:00

Gaëlle Arquez mezzosopranoa.

Kursaal Eszena programari esker, doako autobusa izango da apirilaren 8an egingo den emanaldirako. Izenak apirilaren 3a baino lehen eman beharko dira. Kontzerturako sarrerak norberak erosi beharko ditu. 

Mozart, Gluck, Saint-Saëns, Massenet, Bizet, Mendelssohn, Donizetti eta Rossiniren operetako arien aukeraketa entzuteko aukera izango da apirilaren 8an Donostiako Kursaal jauregian. Le Cercle de l'Harmonie orkestrak egun horretan eskainiko duen kontzertuari Amor furor izena jarri diote, eta Jérémie Rhorer-ek zuzendutako formazioa bere zerbitzura izango du Gaëlle Arquez mezzosoprano handiak, XVIII eta XIX mendeetako konpositore ezagunenen, Mozarten, Rossiniren, Bizeten eta beste hainbaten aria xarmagarrienak interpretatzeko.

Urtean zehar beste une batzuetan egin bezala, Kursaal Eszenak doako autobusa jarriko du Zumaiako musikazaleak Donostiara eraman eta, emanaldiaren amaieran, etxera bueltatzeko. Busa 18:10ean aterako da Patxita Etxezarreta kaleko geralekutik. Kontzertua 19:30ean hasiko da. 

Busera igotzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea, 943-86 10 56 telefonora deituta edo alondegia@zumaia.eus helbidera idatzita. Izena emateko azken eguna apirilaren 3a izango da. 

Emanaldirako sarrerak norberak erosi beharko ditu. Hemen daude salgai. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide