Down Sindromearen Munduko Eguneko ekintzetan parte hartuko du bihar Zumaienak

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 20a, 10:17

Down Sindromearen Munduko Egunaren harira antolatutako marrazki lehiaketaren irabazlea. (Carla Pinilla)

Egun horretan galtzerdi desparekatuak jantzi eta balkoietatik zintzilikatuz parte hartuko du ikastetxeko komunitateak egun horretan. 

Down Sindromearen Munduko Eguna da bihar, eta gaiari ikusgarritasuna eman asmoz, Zumaiena ikastetxeko komunitateak egun horretarako prestatutako kanpaina batean parte hartuko du. Proposamena Zumaiena Guraso Elkartetik, eta, zehazki, Bizikidetza Taldetik jaso dutela ere azaldu dute ikastetxeko kideek. 

Egun horretan galtzerdi desparekatuak jantzi eta balkoietatik zintzilikatzean datza parte hartzeko ekintzak. "Galtzerdi desberdinak aukeratzen dira kromosomen antzeko forma dutelako, Down sindromea duten pertsonek duten kromosoma gehigarria aipatuz, eta denok desberdinak garelako", adierazi dute. Jarduera horien helburua "aniztasunaren balioaz kontzientzia hartzea" dela ere nabarmendu dute. 

Bizikidetza Taldeak marrazki lehiaketa bat ere egin zuen Zumaienako ikasleen artean, jarduera honekin batera joango den irudia aukeratzeko. Carla Pinillak marraztutako irudia aukeratu zuten irabazletzat parte hartu zuten guztien artean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide