Idazle gazteei zuzendutako VIII. Donostia Kultura poesia lehiaketa irabazi du Sara Uribe-Etxeberria zumaiarrak. Kuntzak eta kerak obragatik jaso du lehen saria, gaur, Donostiako Udal Liburutegi Nagusiko Mandasko Dukearen aretoan egin den sari banaketa ekitaldian.
1.000 euroko saria jaso du zumaiarrak; horretaz gain, Imanol Larrinagaren margolan bat oparitu diote eta Balea Zuria argitaletxeak aipatutako poemarioa plazaratuko du. Azkenik, ekainean egingo den Poesia eta Pentsamendua saioan poemak errezitatu ahal izango ditu.
Itxaro Bordak, Aritz Gorrotxategik eta Eli Tolaretxipik osatu dute lehiaketaren epaimahaia, eta modu honetan baloratu dute Uribe-Etxeberriak aurkeztutako liburua: "Mundu eta atmosfera propioa dauka liburuak, poesiaren eta zientziaren arteko bidegurutze moduko bat. Lirikotasun landuz egiten du bidea, irudi eta gogoeta iradokigarriz betea. Hizkuntza aldetik, ezohiko heldutasuna eta batasuna dauka tonuari eta egiturari dagokionez. Erreferentzia askotarikoak baliatzen ditu, hurbilak zein urrutikoak, arruntagoak zein jasoagoak. Askotariko gaiak agertzen dira liburuan zehar: poesiari buruzko gogoetak, belaunaldi kontuak, mina, kezka sozialak, giza izaerari buruzko gogoetak... Era berean, originaltasuna eta arriskua bilatzen du poemak josteko orduan".
Ez da Donostiakoa izan Zuzenbide ikasketak egiten ari den zumaiar gazteak azken urteotan jasotako sari bakarra. Hala, 2022. urtean R.M. Azkue Literatura Sarietan, poesia arloan, lehen saria irabazi zuen. 2022. eta 2023. urteetan, berriz, Urruzuno Literatur Lehiaketan poesia arloan saritua izan zen. Hauxe izango da argitaratzen duen lehen literatura lana.