Zinemaz eztabaidatzeko saioak egingo dituzte datozen hiru hilabeteetan Etxape zentro sozialistan

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 24a, 10:30

Ostiralean erakutsiko duten 'En guerre' filmeko fotograma.

Martxoan, apirilean zein maiatzean saio bana egingo dute Aita Mari auzategiko gunean. Hasteko, datorren ostiralean Stéphane Brizé frantziarraren En guerre filmaren inguruan jardungo dute. 

Zinemaz eztabaidatzeko saioak bezala izendatu duten programa prestatu dute Etxape zentro sozialistan datozen hilabeteetarako. Martxoan, apirilean eta maiatzaean saio bana egingo dute Aita Mari auzategiko gunean. Saioak 20:00etan hasiko dira, eta jarraian haien inguruan jardungo dute. 

Saio hauen helburua zinemaz eztabaidatzeko espazio bat zabaltzea dela azpimarratu dute antolatzaileek. "Konkretuki, martxotik maiatzera bitarte martxan jarriko dugun lehen ziklo honetan kapitalismoaren fase edo garai ezberdinak izango ditugu aztergai, baita testuinguru bakoitzean hedatu diren tendentzia politiko zein kulturalak ere", azaldu dute..

Saio bakoitzerako irakurgai batzuk gomendatuko dituzte, "eta sustatuko da pertsona bakoitzak aurrez bere kabuz horiek lantzea, pelikula ikusi ondoren eztabaida emankorragoa izan dadin".

Hiru film

Saio guztiak irekiak eta doakoak izango dira. 19:00etan izango dira Etxape Zentro Sozialistan. Lehenengo saioa datorren ostiralean, martxoaren 28an izango da, eta Stéphane Brizé zinemagile frantziarrak 2018an aurkeztutako En guerre filma emango dute. Bigarren saioa apirilaren 11n izango da, ostiralean, eta Nomadland (Chloé Zhao, 2020) filma erakutsiko dute. Hirugarrena maiatzaren 9an, ostiralean, izango da eta Sorry we missed you (Ken Loach, 2019) filma erakutsiko dute.

Film guztiak jatorrizko hizkuntzan emango dute, azpitituluekin. "Lehen ziklo honetan saiatu gara ikusiko ditugun pelikulen gehiengoa euskarazko azpitulatuak izan ditzatela, eta hemendik aurrera ere horrela izan dadin ahaleginduko gara, euskararen auziak arlo honetan duen garrantzia dela eta".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide