Hamaika laguneko taldea da hamaikakoa. Inoren ordezkari izan gabe modu pertsonalean eta borondatez arituko direnak. Talde anitza osatuko dute guztien artean. Batzuk herriko erreferentzialak diren pertsonak izango dira; beste batzuk ekimenean murgilduta dauden euskaltzale aktiboak; eta azkenik, ohiko herritarrak ere egongo dira. Euskaraldia ekimenenean ahobizi edo belarriprest izatea erabaki dute.
Euskaraldia antolatzeaz arduratzen ari den batzodea hasia da hamaikakoa osatzen. Ahobizi edo belarriprest gisa Euskaraldian arituko den zumaiar taldea, hain zuzen. Xabe Yeregirena da hamaikakoko bigarren izena. Balenciaga ontziolako langilea da Xebe, eta ahobizi izango da aurtengo Euskaraldian.
Etxean ikasi zuen euskara; 10 urterekin Logroñora joan zen, eta 14rekin bueltatu zen Donostiara. Euskarazko harremanak ditu bizitzako arlo batean eta bestean.
28 urterekin hasi zen Balenciagan langile, eta bertara lanera etortzen ziren asko erdaldunak ziren. Azken urteetan bulegoetan jende euskalduna egon da, baina tailerretan ez da euskara horrenbeste hitz egiten. Langileetako asko Extremaduratik etorritakoak izan dira, eta haientzat zaila zen lana eta etxeko kontuekin euskara ikasten hastea.
Aurtengo Euskaraldian Ahobizi rola hartuko du Xebek: "Uste dut Euskaraldia euskara bultzatzeko modu bat dela, eta batez ere, belarriprest rola hartzen duten horiei egiten diola mesede". Xeberen ustez, beldurra galtzeko modu bat da. Badago hemen Zumaian jendea euskara kontrolatu arren hitz egiteko orduan lotsa sartzen zaiona, eta ulertzekoa dela uste du, berari ere antzekoa gertatzen baitzaio frantsesarekin.