Leire Esnal: "Lagundu egin dit kirolak, eta beti egon naiz hari oso lotuta"

Maria Maya Manterola 2025ko mar. 25a, 09:53

(Maria Maya Manterola)

UEFA C mailako futbol entrenatzaileen titulua lortu berri du Leire Esnalek (Zumaia, 1999). Kirolzalea da, eta bere pasioari beste ikuspegi batetik helduko dio orain.

Zer dela-eta atera duzu entrenatzaile izateko titulua?

Urte asko daramatzat esku pilotan, eta palan haurrak entrenatzen ere aritutakoa naiz aurrez. Titulua gaztelaniaz ateratzen saiatu nintzen lehenago, baina ezin izan nuen.

Realeko fundazioan sartu berri zen neska bat lanean, eta hari kontatu nion zaila izan zela niretzat. Saiakera hartan beraiek ere probatu nahi zuten ea urritasuna zeukan norbaitek atera zezakeen titulua, eta nik behintzat ez nuen lortu. Gipuzkoako Futbol Federazioak euskaraz titulua eskuratzeko aukera jarri zuen gero, eta orduan erabaki nuen berriz ere saiatzea.

Bi urte luzeko ikastaroa da. Nolakoa izan da prozesua?

Lau atal dira, lau gai, eta gai bakoitzean hiru ariketa egin behar dira. Adibidez, entrenamendu bat prestatu behar da: hasierako beroketarako ariketa bat; gero, atal nagusirako ariketa bat, paseak eginez edo jolasen bat proposatuta; eta entrenamendua bukatzeko, beste zerbait. Tartean sartzen dira lesioei buruzko ariketak ere. Ez da azterketa bat: lanak egin behar dira, eta epe jakin batean entregatu. Eta, bukatzeko, entrenamendu bat prestatu, grabatu, eta beraiei bidali behar izaten zaie.

Ariketa horiek egin behar dira. Nik marraztu egiten nuen, eta lagundu egiten zidaten gero nik adierazitakoa txukuntzen. Ikastaroaren bukaera aldera ere bai: entrenamendua prestatu behar nuenean paperean marrazten nuen nire entrenamendua izango zena, eta beste pertsona bati eramaten nion hark ikusteko. Hark esaten zidan zer falta zen, eta horrela moldatu gara.

UEFA C mailako titulua atera duzu. Zer esan nahi du horrek? Titulu horrekin, nor entrenatu ahal izango zenuke?

18 urtetik beherakoak. Hortik aurrerako taldeen entrenatzaileen laguntzailea ere izan naiteke.

Orain zer asmo daukazu? Lehenbailehen entrenatzen hasi nahiko al zenuke?

Orain beste birekin Zubietara joaten naiz batzuetan, walking futbol modalitateko taldea entrenatzera. Hori 55 urtetik gorakoen taldea da; jokalariek futbolean egiten dute, baina arau desberdinekin. Ezin izaten da korrika egin, ezta baloia gerritik gora altxatu ere.

Gustatuko litzaidake, hala ere, 18 urtetik beherako taldeak entrenatzen hastea. Azken bi urteetan Zumaiako kadeteen entrenamenduetan laguntzen izan naiz, praktika moduko batzuk egiten. Ni ere Zumaian futbolean ibilitakoa naiz, eta horregatik ezagutzen nuen Luis Dominguez, gaur egungo entrenatzailea. Haren bidez hasi nintzen praktika horiekin.

Gure ama hil zenean izan zen, hor bueltan. Lagundu egin dit kirolak, eta beti egon naiz hari oso lotuta.

Realean futbolean jarraitzen al duzu?

Bai. Aurreko larunbat arratsaldean jokatu genuen Atletico Madrilen kontra, eta 6 eta 1 galdu genuen. Eskola kirolean bezala egiten dugu: lau hamarreko zatitan jokatu, eta zati bakoitza irabazten duenari puntua eman.

Beste sailkapen bat dago gure ligan. Gure helburua joko garbienaren kopa irabaztea da, eta, momentuz, hirugarren goaz sailkapenean. Athleticek irabazi du azken bi urteetan, eta haiekin izango dugu lehia. Laster daukagu beraien aurkako partida.

Noiz?

Maiatzaren 10ean. Hori eta beste partida bat irabazten baditugu, uste dut geurea izango dela kopa. Anoetako partida batean denok aterako gaituzte erdira.

Palan ere jarraitzen duzu. Iaz Gipuzkoako Txapelketa irabazi zenuen. Aurten zer moduz zabiltza?

Binakako txapelketa hasten da orain. Arrasaten egitekoak ziren martxoaren azken asteburuko jardunaldia, baina, azkenean, Zumaian izango da, larunbat honetan.

Egia esan, ahal duguna egingo dugu txapelketan. Nire aurkarien artean bikote bat iruditzen zait gogor samarra. Alvaro Valor zarauztarrarekin arituko naiz.

Pala egokituko txapelketako jardunaldia, Zumaian

Otsailaren 1ean Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian ekin zioten XV. Gipuzkoako Pilota Egokituko Txapelketari. Laugarren jardunaldia Arrasaten egitekoak baziren ere, Zumaiara lekualdatu dute, eta beraz, Aitzurin jokatuko dituzte partidak larunbat honetan. 10:00etatik 14:00etara bitarte, guztira, 11 neurketa izango dira ikusgai Aitzuriko kantxan; guztiak ere teniseko paleta modalitatekoak eta hamabost tantora arteko norgehiagokak izango dira.

Lehen partidan lehiatuko da Esnal, Alvaro Valor zarauztarrarekin batera, eta Josu Arratibelek eta Sheila Cuetok osatutako bikotea izango dute aurkari. Eskualdeko pala taldeetan parte hartzen duten beste pilotari batzuk ere izango dira lehian Zumaian: Xabier Villar, Josu Eskisabel, Xabier Olaziregi, Luis Zulaika, Joseba Altuna, Jurdan Arakistain, Juan Pardo, Lorea Iribar, Joseba Altuna, Markel Ugarte eta Unax Esnaola, hain zuzen.

Zumaiakoaz gain, beste bi jardunaldi jokatuko dituzte txapelketa amaitzerako. Ordizian izango da apirilaren 12an, eta maiatzaren 10ean, berriz, Oiartzunen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide