Euskaraldia 2025

400 lagunek eman dute dagoeneko izena Euskaraldian, Zumaian

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 26a, 14:00

Euskaraldian izena emateko formularioak, Turismo Bulegoan. (Euskaraldia)

Duela bi aste inguru zabaldu zuten norbanakoentzako Euskaraldian izena emateko aukera. Online apuntatu daiteke oraindik ere, baina herriko leku batzuetan formularioak jarri dituzte modu horretan erosoago sentitzen direnek izena eman dezaten.

Martxoaren 15ean zabaldu zuten Euskaraldirako norbanakoen izen ematea. Lehen egun hauetan erantzun zabala izan du deialdiak Zumaian, eta dagoeneko 400 lagun inguruk erabaki dute Euskaraldiak iraungo duen 11 egunetan ahobiziren edo belarripresten txapak eramango dituztela paparrean. 

Hasiera hartan, online eman zitezkeen izenak Euskaraldia.eus webgunean. Baina, arduradun jakitun dira pertsona batzuk oraindik ez direla ondo mugitzen mundu digitalean, eta haiek ere Euskaraldian izena eman dezaten, paperezko formularioak jarri dituzte herriko gune batzuetan, hala nola, AEKren euskaltegian, udaletxean, Lubaki kiroldegian eta Turismo Bulegoan. 

Datozen asteotan Euskaraldian apuntatu ahal izateko mahaiak ere jarriko dituzte herriko plaza edo kaleetan, ekitaldi jendetsuekin batera. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide