Musika sakroan murgilduko da San Pedro Abesbatza

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 27a, 11:00

San Pedro Abesbatza, parrokian. (San Pedro Abesbatza)

Amaia Aldalurrek zuzentzen duen abesbatzak musika estilo horretan oinarritutako kontzertua emango du larunbat iluntzean San Pedro Parrokian. 

San Pedro Abesbatzak kontzertua eskainiko du etzi, larunbatez, Zumaiako San Pedro parrokian Amaia Aldalurren gidaritzapean. Musika sakroko zenbait obrez osatu dute emanaldi horretarako errepertorioa. Saioa 20:00etan hasiko da; aurretik hiletarik izanez gero, emanaldia 20:30ean hasiko litzateke. 

Musika sakroan oinarritutako kontzertua izanda ere, garai desberdinetako obrak abestuko ditu koroak, "XVI. mendeko Gregor Alchingerien Regina Caelitik hasi eta gaur egungo musikara iritsi arte". Obra batzuk a capella abestuko dituzte eta beste batzuk organoaren laguntzarekin, Mari Karmen Azpeitiaren eskutik.

Horrez gain, Johann Sebastian Bach konpositore barrokoak organorako idatzitako Passacaglia obra pieza entzun ahal izango da Azpeitia beraren eskutik. "Obra hau forma musikal bat da, eskema harmoniko beraren gainean bariazio melodiko eta erritmikoak dituena", azaldu dute. Aipamen berezia ere egin nahi diote estreinatuko duten Iker Gonzalez Cobeagaren Ave Verum obrari.

Bestalde, Gabon inguruan Donostiako Kursaalean beste hainbat korurekin batera abestu zuten Haendelen Mesiasen zati esanguratsuenak ere eskainiko dituzte.

Abesbatzeko kideek adierazi dutenez, "musika sakroak transmititzen duen edertasuna eta emozioa partekatu nahi dute kontzertu honekin". Hori dela eta, herritar oro gonbidatu nahi dituzte emanaldira, "musikaz gozatzera".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide