Udaleku eskaintza zabala izango da 2 eta 14 urte artekoentzat aurten ere

Maria Maya Manterola 2025ko mar. 28a, 17:00

Udaleku irekien artxiboko irudi bat. (Zumaiako Udala)

2 eta 14 urte arteko haur eta nerabeentzako udaleku eskaintza oparoa prestatu du beste urte batez udalak. Udazaintza zerbitzua, Musi-K udalekuak, kirol udalekuak nahiz udaleku irekiak izango dira, besteak beste.

2025eko uda sasoiari begira jarri da jada udala, eta eman du aurtengoan 2 eta 14 urte arteko haur eta nerabeei zuzenduriko eskaintzaren berri. Aurtengoan ere udaleku irekiak, Musi-K udalekuak, udazaintza zerbitzua nahiz kirol udalekuak izango dira. Hona hemen zerbitzu bakoitzaren inguruko xehetasunak:

Udazaintza zerbitzua: 2 urteko haurrentzat (HH2)

2 urteko haurrei zuzendutako zaintza zerbitzua da honakoa, jolasean eta adin horretako haurren beharretan oinarritutakoa. Goizez eskainiko da zerbitzua, 09:30etik 13:00era.

  • Izen ematea: martxoaren 3tik apirilaren 14ra, eskoletan.
  • Txandak: Bi txandatan antolatuko da zerbitzua. Lehenengo txanda ekainaren 30etik uztailaren 11ra; bigarren txanda, uztailaren 14tik 24ra.
Udaleku irekiak: 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzat (HH3-LH6)

Zerbitzu honetan aisialdian oinarritutako eremu hezitzailea eskaintzen da, jolasa, elkarbizitza eta euskara ardatz hartuta. HH3 eta LH6 bitarteko haurrei zuzendutako jarduera da, eta goizez eskainiko da zerbitzua, 09:30etik 13:00era.

  • Izen ematea: martxoaren 3tik apirilaren 14ra, eskoletan.
  • Txandak: Bi txandatan antolatuko da zerbitzua. Lehenengo txanda ekainaren 30etik uztailaren 11ra; bigarren txanda, uztailaren 14tik 24ra.
Musi-K udalekuak: 4 eta 12 urte bitarteko haurrentzat (HH4-LH6)

Musika landu ohi dute haurrei zuzendutako saio horietan, baina baita dantza nahiz askotariko jolasak ere. HH4 eta LH6 maila arteko haur eta nerabeei zuzendutako ekimena da, eta goizez izango dituzte saioak, 09:30ean hasi eta 13:00etara arte.

  • Izen ematea: maiatzaren 5etik 23ra, Alondegian (alondegia@zumaia.eus, 943 861 056).
  • Txanda: Uztaileko bigarren hamabostaldian izango dira udalekuak (uztailaren 14tik 24ra).
Kirol udalekuak: 10 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeentzat (LH4-DBH2)

Kirol jarduera oinarri hartuta haur eta nerabeen aisialdia modu aktiboan eta entretenigarrian landuko dute udaleku hauetan. Goizez izango dituzte saioak, 09:30ean hasi eta 13:00etara arte.

  • Izen ematea: martxoaren 31tik apirilaren 14ra.
  • Txandak: Bi txandatan antolatuko da zerbitzua. Lehenengo txanda ekainaren 30etik uztailaren 11ra; bigarren txanda, uztailaren 14tik 24ra.

Kirol udalekuez gain, haur eta nerabeek udako kirol ikastaroetan parte hartzeko aukera izango dute, igeriketan, surfean zein bodyboardean. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide