Udako kultur egitaraua prestatzen hasia da dagoeneko Zumaiako Udaleko Kultura Saila. Hala, sanpedroen atarian egingo duten Artisau azokak dagoeneko badu data: ekainaren 22an egingo dute, San Pedro eguna baino justu astebete lehenago.
Data iragartzearekin batera, bertan parte hartzeko izen ematea ere zabalduko dute. Bihar irekiko dute epea, eta ekainean Zumaian egon nahiko duten artisauek maiatzaren 16ra arte izango dute apuntatzeko aukera. Horretarako, telematikoki zein presentzialki egin ahal izango dituzte eskaerak. Internet bidez honako formularioa beteta; presentzialki, berriz, Alondegia kultur etxean (Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:30era) edo udaletxean (Astelehenetik ostiralera, 07:30etik 14:30era).