Pasa den larunbatean jokatu zituzten Gipuzkoako xake ligako azken jardunaldiak. Zumaiako Kbi xake klubako bi taldeek emaitza onak lortu zituzten, biek ere Donostian, Gros klubaren aurka: preferente mailako A taldeak 1,5-2,5 emaitzarekin irabazi zion Gros D taldeari, eta bigarren mailako Kbi B taldeak bina berdindu zuen Gros H-ren aurka. Emaitza horrekin, beste urtebetez maila matenduaz.
Oso bestelakoa da Kbi A-ren kasua. Izan ere, Gipuzkoako preferente mailan jokatutako lehen denboraldian maila mantentzea zuen helburu denboraldi hasieran. Hori baino gehiago, askoz gehiago lortu dute zumaiarrek. Izan ere, datorren urtean Euskal Ligan aritzeko zorian da Zumaiako kluba. Azkenean hirugarren sailkatu bada ere, azken jardunaldian liga irabazteko aukerak ere izan zituen. Azkenean, Gros D-ri 1,5-2,5 emaitzarekin irabazita, hirugarren bukatu dute zumaiarrek, liga irabazi duen donostiarren, eta bigarren egin duen Fomento Cultural Errenteriako klubaren atzetik.
Kbi xake klubeko presidente Aitor Sarasketak nabarmendu duenez, "kristoren txapelketa" egin du Kabi A taldeak preferenteko kategorian. Jardunaldi batzuetan A taldeko jokalari batzuek parte hartu ezin ez, eta B taldekoek bete behar izan dituzte hauien lekuak. "Maila horietan, igatzen da aldea, eta hor puntu batzuk galdu ditugu. Hori ez da gertatu ligako beste klub batzuetan".
Orain, Federazioaren deiaren zain daude. Izan ere, datorren urtean Euskal Ligan aritzeko aukerak ditu oraindik ere Zumaiako klubeko lehen taldeak. "Euskal Ligan, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako klubek hartzen dute parte, eta lurralde bakoitzeko talde bakarra igotzen da kategoriaz". Liga amaituta, berez, Gros D taldeak igo beharko luke, baina ezingo du goiko mailan klub bereko beste talde bat dagoelako. Bestelako da Errenteriako Fomento Cultural taldearen egoera. "Aurreko hiru urteetan ere izan du igotzeko aukera, baina denetan uko egin zion igoerari, bidaia luzeak egiteko gogorik ez dutela eta. Aurten ere, beraiekin neurtu ginenean, esan ziguten ez zutela igotzeko helbururik, eta uki egingo ziotela aukera horri. Baina, hitzez esandako zerbait da, ez da ofiziala, eta erabaki horren zain gaude", gaineratu du Sarasketak.
Igoko balira, Euskal Ligako lehen mailan arituko lirateke, Hego Euskal Herriko beste klubekin batera. Behin hara igota, taldea indartu beharko dutela ere azaldu du presidemtea, "Euskal Ligan talde sendoa izatea komeni delako".