Mila erosketa txartel eskuragai, udaberriko ErrotaHerria kanpainaren bidez

Juan Luis Romatet 2025ko api. 1a, 12:16

Kanpainaren aurkezpeneko irudia. (Zumaiako Udala)

Erosketa txartelak apirilaren 10ean jarriko dituzte salgai, Turismo Bulegoan. Gertu elkartekoak izan ez, eta kanpainan parte hartu nahiko duten saltokiek ostiralera arte dute izena emateko epea. 

Zumaiako Udalak eta Gertu merkatarien eta ostalarien elkarteak udaberriko ErrotaHerria kanpaina jarri dute martxan. Aurrekotan bezala, Zumaiako komertzio eta tabernetan erabili ahal izango diren erosketa txartelak jarriko dituzte herritarren eskura. Kanpainaren sustatzaileek azaldu dutenez, mila erosketa txartel jaulkiko dituzte oraingo honetan.

Txartel horien bidez, 30 euro ordainduta, 40 euroko gastua egin ahal izango da herriko saltokietan. Txartel bakoitzak 10 euroko lau zati edukiko ditu, banaka edo batera erabiltzeko. Bonoak apirilaren 10ean jarriko dituzte salgai Turismo Bulegoan.

Bada berrikuntza bat, eta da pertsona bakoitzak behin bakarrik erosi ahal izango dituela txartelak. Gainera, gehienez, bi txartel eskuratu ahal izango ditu, eta ezinbestekoa izango da, norberarenaz gain, beste pertsonaren txartel identifikagarri baten kopia edo argazkia erakustea.

Bestalde, kanpainan parte hartu nahiko duten saltokiei ere aukera zabaldu diete apuntatzeko. Gertu elkarteko bazkideak diren taberna eta saltokiek ez dute aurrez izena eman beharrik izango. Gertukoak ez diren komertzioek, aldiz, datorren ostiralera arte izango dute apuntatzeko epea, zumaiagertuelkartea.eus webgunean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide