Walter Salles zuzendari brasildarrak sona handia lortu zuen duela hamarkada batzuk Estación Central de Brasil filmarekin. Oscar sarietarako hautagaia izan zen pelikula hura Zumaian ikusi ahal izan zen, zineforum saioan. Salles bueltan izango da gaur Zumaiako zinema aretoan, bere azken lanarekin, Aún estoy aquí dramarekin. Oraingoan, Nazioarteko film onenaren saria jaso berri ikusi ahal izango da Aita Marin, gaur, 19:00etatik aurrera. Sarrerak 5 euroan egongo dira salgai aretoko leihatilan.
Sinopsia
1970eko hamarkada Rio de Janeiron. Diktadura garaia da, baina jendeak bere bizimoduari eusten dio. Etxeetako ateak irekiak daude, eta haurrek kalean jolasten dute gurasoen zaintza handirik gabe. Paiva familia hondartzatik gertu dagoen etxe batean bizi da; beti lagunez, musikaz eta elkarrizketez beteta dagoen etxean. Zazpi dira familian: Rubens aita, Eunice ama, eta haurtzaroaren eta nerabezaroaren artean dauden lau alaba eta seme bat. Txakur bat ere badute, eta etxean lan egiten duen emakume bat ere haiekin bizi da.
Urtarrileko egun batean, gizon batzuk sartuko dira Paivatarren etxean, pistola eta guzti. Rubensi haiekin joateko agintzen diote, galdera batzuk egin behar dizkiotela esanez. Inork ez daki zer ari den gertatzen, ama kezkatu egiten da, baina ez dute uste garrantzizko zerbait denik. Aitak, ordea, lasai dagoela iruditu arren, familiako kide bakoitzari agur esaten diola dirudi.