Euskaraldia 2025

Euskaraldiko hamaikakoa: Irati Arakistain

Erredakzioa 2025ko api. 3a, 09:30

Bertso Eskolako irakaslea eta Astindu dantza taldeko kidea da Irati. (Euskaraldia)

Euskaraldiaren inguruan, Zumaian osatuko duten hamaikakoa forma hartzen hasia da. Laugarren izena eman dute jakitera: Irati Arakistainek Ahobizi bezala hartuko du parte aurtengo Euskaraldian.

Euskaraldiko hamaikakoak izen bat gehiago du dagoeneko. Irati Arakistainena da laugarren izena. Bertso Eskola eta Astindu dantza taldeko kidea, ez du hutsik egingo aurtengo Euskaraldian.

Haur eta gaztetxoei bertso kontuak irakasten aritzen da Irati Arakistain, eta euskaraz aritzera bultzatzen ditu neska-mutilak; gainera, uste du bertsoak lagungarriak direla euskara lantzeko eta jolasteko. Izan ere, Hortxe ikusten du premia handia Iratik: “Gaztetxoei euskararen kontzientzia ahula ikusten diet, eta pantailetatik eduki asko gaztelaniaz edo ingelesez iristen zaie”.

Zuzenbidea ari da ikasten unibertsitatean, eta fakultateko euskara taldean ere badabil. Ikaskide batzuek gaztelaniara joera dute, baina denek ulertzen dute euskara, eta horregatik guztiekin euskaraz egiten du Iratik. Hala ere, oraindik badago zer hobetua: “Irakasgai batzuetan, zoritxarrez, liburu eta lege batzuk gaztelaniaz bakarrik daude”.

Euskaraldian Ahobizi izango da, eta egun hauetan buru-belarri dabil Astindu taldeko kideekin Euskaraldiko abestiarekin koreografia prestatzen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide