Bidasoa ibaitik ez da aldentzen Sambou Diaby aktore zumaiarra. Ibaia zeharkatu zuen migrante baten paperean sartu zen Euskal Herri osoan zehar taularatu duten Miñan antzezlanean. Bidasoa ibaiaren bueltan girotutako thriller batean parte hartu du orain: Asier Urbietaren Faisaien Irla filmean, hain zuzen. Gaur aurkeztuko dute Donostian, 22. Giza Eskubideen Zinemaldian, eta apirilaren 25etik aurrera ikusi ahal izango da zinema aretoetan. Diabyren arabera, Urbietaren filmak ikusarazten du nola migranteek "egin behar izaten dieten aurre ikusezina den muga bati".
Bitxia da irla horren izaera. Munduko kondominio txikiena da Faisaien Irla, Bidasoa ibaiaren erdialdean kokatutako uhartea. Sei hilabetero aldatzen dute burujabetza partekatua Frantziako eta Espainiako estatuek. Urbietak idatzi eta zuzendu duen filmean, ibaiaren beste aldera heldu nahi duten bi pertsona igerian ikusiko ditu Laidak [Jone Laspiur] eta Sambouk [Sambou Diaby] osatutako bikoteak, ibai ertzean paseoan ari direla. Gorpu bat azalduko da egun batzuk geroago inguruetan, kondominioa aldatzen ari diren unean bertan. Hilotzaren agerpenak "hankaz gora" jarriko du bikotearen bizimodua, aktore zumaiarrak aipatu duenez.
Sei astetan filmatu zuten filma Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) artean, 2024ko otsailean eta martxoan. Lehen ere Urbietarekin lan egindakoa da Diaby; zuzendariaren Altsasu telesailean ezagutu zuten elkar. Zumaiarrak dio asko gustatzen zaiola harekin lan egitea, eta "oso ondo" pasatu zuela grabaketetan, Diabyren arabera, "pertsona lasaia eta buruargia" baita Urbieta.
Aktore ezagunek osatzen dute Faisaien Irla filmeko taldea. Hala, Diabyz gain, Ane filmarekin Goya saria irabazi zuen Jone Laspiur da filmeko protagonista, eta Itziar Ituñorekin edota Josean Bengoetxearekin ere lan egin du Urbietak.
Beste film luze bat, bidean
Lan aldetik, momentu gozoak bizi ditu Diabyk. Telesailetan (EITBren Goazen!, Altsasu eta Itxaso) eta antzezlanetan (Ibrahima Balderen eta Amets Arzallusen Miñan liburuaren antzerkirako egokitzapenean) ikusi ahal izan da aktore zumaiarra orain artean. Moda desfileetan ere parte hartu izan du, eta film laburren batean ere aktore lanak egin ditu (Laiotz), baina lehen film luzea du Faisaien Irla, Urbietarena den bezala.
Aurrera begira, "hainbat proiektu" ditu esku artean Diabyk, horien inguruko daturik eman ez badu ere. Baina iragarri du urrian beste film luze bat aurkeztuko duela, eta nazioarteko aktoreekin aritu dela horretarako lanean.