Lekeitioko zesta puntako Masterreko finalean izango dira Maite Ortiz de Mendibil eta Frida Watkins puntista zumaiarra. Pasa den larunbatean jokatu zuten Bizkaiko herriko Santi Brouard pilotalekuan txapelketako lehen finalerdia, eta tanto bakarreko aldearekin nagusitu ziren gasteiztarra eta zumaiarra.
Aurrean, Berriatuko Elaia Gojenola eta Maia Goikoetxea izan zituzten. Azken hauek sekulako indarrarekin kantxaratu ziren, eta 15-4 emaitzarekin irabazi zuten lehen jokoa. Bigarren jokoan ere gogotsu abiatu ziren berriatuarrak, baina Ortiz de Mendibilek eta Watkinsek joko taktika aldatu zuten, eta ondo atera zitzaien apustua arabarrari eta gipuzkoarrari, jokoa 13-15 emaitzarekin irabazi zutelako. Finalerako txartela berdinketa hausteko joko laburrean erabaki zen. Gojenola eta Goikoetxea 4-3 jarri ziren aurretik, baina azken bi tantoak Ortiz de Mendibil eta Watkinsentzako izan ziren (4-5), era horretan finalerako txartelak lortuz.