Maila mantentzea lortu du Lehen Nazionaleko Pulporen taldeak

Juan Luis Romatet 2025ko api. 7a, 16:07

Galdona Burdindegia Pulpo taldekoa kideak, pozik Gipuzkoako txapelketa irabazita.

Liga amaitzeko hiru jardunaldiren faltan, matematikoki lortu du Labarra Nikol Pulpok Lehen Nazionalean beste urtebetez jarraitzea. Asteburu horretan bertan, Pulporen infantik mutilek Gipuzkoako txapelketa irabazi dute, txapeldunorde izan dira infantil neskak, eta Lurraldeko Bigarren Mailako taldeak asteburuan jakingo du mailaz igoko den.

Asteburu gozoa izan da pasatakoa Pulpo Eskubaloia taldearentzat. Partida garrantzitsuak zituzten esku artean Zumaiako eskubaloi klubeko hainbat taldek eta pozik egoteko moduko emaitzak lortu dituzte.

Espainiako Lehen Maila Nazionalean lehiatzen ari den Labarra Nikol Pulpo taldeak liga amaitzeko hiru jardunaldiren faltan lortu du matematikoki beste urtebetez kategorian jarraitzea. Jardunaldia jokatu aurretik, Pulpok 16 puntu zituen eta azken aurrekoa den Egiak 9. Zortzi puntu zeuden jokoan, eta zumaiarrek donostiarrekiko zuten aldea zazpi puntukoa zen. 

Helburua lortzeko, eta liga amaiera lasaitasunarekin hartzeko, bi aukera zituen Zumaiako taldeak: bere partida irabaztea, edo, emaitza aldekoa ez bazuen, Egiak bere norgehiagoka galtzea. Lehen aukera ez zen posible izan, Il Capo Hondarribia-Bidasoaren aurka Lubakin jokatutako partida 28-30 emaitzarekin galdu zuelako. Donostiako taldeak, baina, ez zuen garaipenik eskuratu Tolosaren aurka –27-35 emaitzarekin galdu zuen Egiak–, eta hala, mailan jarraituko du Labarra Nikol Pulpo taldeak 2025-2026 denboraldian. Denboraldi zaila izan da, hainbat lesiori aurre egin behar izan dio taldeak, eta estraineko denboraldian neurria hartu behar zaio lehiaketari, baina pozik egon daitezke egindako lanarekin. 

Lurraldeko taldea igoeraren bila, Zumaian

Lurraldeko Bigarren Maila lehiatzen ari den Bayona Autoak taldeak ezin izan du lehen mailara lehenengoan igo. Horretarako, multzoko sailkapeneko lehen postuan bukatu behar zuen, lider den Lezoko Munttarperi lau goleko aldearekin irabazita –hiru goleko aldearekin irabazi zuten Lezokoek Lubakin, 22 eta 25–. Partida irabazi zuten zumaiarrek etxetik kanpo, baina aldeko gol bakarrarengatik (27-28). 24 puntutara berdinduta amaitu dute liga bi taldeek, baina Munttarpek lortu du zuzenean mailaz igotzea. Pulpoko taldeak datorren asteburuan mailaz igotzeko beste aukera bat izango du. Elgoibar, Hernani eta Saieko izango ditu aurkari Zumaian jokatuko den lauko kanporaketan: larunbatean finalaurrekoak, igandean finala, eta irabazlea mailaz igoko da.

Bestetik, infantil mailako taldeek Gipuzkoako txapelketako finalak jokatu dituzte pasa den asteburuan. Galdona Burdingegia Pulpo taldeko mutilek garaipena erdietsi zuten Zarautzen aurka, luzapenean, 39-37 emaitzarekin. Amama Taberna Pulpo taldeko neskak, bere aldetik, txapeldunorde dira, finalean Leizaranen aurka 15-21 emaitzarekin galdu ondoren.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide