Hondoratze baten ondorioz itxita egon den N-634 errepideko erreia bihar zabalduko dute

Juan Luis Romatet 2025ko api. 7a, 16:53

Ostegunean zabaldu zen zuloa kostako errepidean. (Zumaiako Udaltzaingoa)

Bost metroko sakonera zuen zuloa zabaldu zen pasa den ostegunean Orroaga eta Santiago arteko errepidean. Behin zuloa beteta, bihar irekiko dute erreia. Bitartean, semaforo bidez erregulatu dute trafikoa.

Zulo handi bat zabaldu zen pasa den ostegun arratsaldean N-634 errepidean, Orroaga eta Santiagoko hondartza artean. Bezperan, asteazkenean, hasi zen errepidea hondoratzen, eta ostegun arratsaldean bost metroko sakonera zuen zulo handia ireki zen itsasertzetik hurbilen dagoen erreian. 

Gertakariak 5,10 metro luze eta 4,50 metroko zabalerako zuloa eragin zuen galtzadan eta 5,70 metroko sakonerako hondoratzea eragin zuen. Ostiralean garbitu zuten zuloaren barrena eta larunbatetik aurrera betelana egin dute hormigoiarekin eta babes-harria berreraikitzeko lanak ere egin dituzte. Gaur bertan gauzatu dute betetze-lana, zoruaren kotara iritsi arte, guztira 80 metro kubiko material erabilita. Gaur arratsalderako asfalto geruza botatzea aurreikusten dute, eta bihar goizean zehar, garbiketak egin eta gero, behin-behineko seinaleak kenduko dituzte. Erreia goizeko 11:00etarako irekitzea espero du aldundiko Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamentuak.

Ostegunean errepidea hondoratu eta zuloa zabaldu zenetik trafikoa semaforo bidez erregulatu dute; errepidea ez da itxita egon bi norabideetan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide