Ostiralean abiatuko da Zumaiako bidaia Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara

Juan Luis Romatet 2025ko api. 9a, 11:00

Duela bi urteko bidaiko une bat. (Jabi Gonzalez Toston)

Darahli elkarteak antolatuta, Zumaiako 60 ikasle inguru abiatuko dira ostiralean Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara. Bidaiak iraungo duen egunetan egin beharreko lanak dagoeneko zehaztu dituzte. 

Erraz ahaztuko ez duten bidaia batean murgilduko dira ostiraletik aurrera Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Zumaiako 60 bat ikasle. Darahli elkarteak antolatuta, Tindufen (Aljeria) dauden Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara abiatuko da taldea, etzi, ostiralez. Bidaiak iraungo duen denboran, desertuan, erbestean, haien herrialdetik urrun bizirauten duen herria ezagutu eta, hein batean, laguntza eskatzeko aukera izango dute gazte hauek, eta haiekin batera doazen boluntarioek. Gazte eta boluntarioekin batera, bidaian izango dira, baita ere, Zumaiako, Zestoako eta Azkoitiko alkateak, Iñaki Ostolaza, Mikel Arregi eta Ana Azkoitia, hurrenez hurren.

XXI. mende hasieran ekin zion Darahlik bidaia hauek antolatzeari. Aste Santuko oporraldien bueltan egin izan ditu, eta ordutik belaunaldi desberdinek izan dute aukera errefuxiatuen kanpalekuetan pairatzen duten egoera ezagutzeko. Urtean zehar, lanketa ugari egiten dituzte ikasleek beraien ikastetxeetan, baina oso bestelakoa izan ohi da lekuan bertan ikustea zer behar dituzten errefuxiatu horiek. Hala, lanketa eta proiektu desberdinak gauzatzen dituzte, baita Euskal Herritik bideratzen diren lankidetza proiektuei jarraipena eman ere. 

Plangintza erabakita

Darahli elkarteko hiru kide joan ziren iazko urte amaieran kanpalekuetara aurtengo udaberrian egingo zuten bidaiaren xehetasunak lotzera, eta zer behar zituzten ezagutzera. Hala, bidaiko plangintza prestatzen aritu dira hilabete hauetan, zehaztuz zer lan egin beharko dituzten gazteek behin kanpalekuetara helduta. 

Taldea ostiral arratsaldez abiatuko da Zumaiatik, Gasteizko Foronda aireportura bidean. Hegazkina gauez aterako eta larunbat goizaldean helduko dira Tindufeko aireportura. Handik, kanpalekuetara joango dira, eta behin iritsita haimatan banatuko dira. Hango familiekin igaroko dituzte gazteek zein boluntarioek egun horiek. 

Behin atsedena hartuta, larunbat goizean Zug herriko daira edo udaletxea bisitatuko dute. Arratsaldean, berriz, harrera ofiziala egingo diote Zumaiatik joandako espedizioari. Agintarien hitzez eta esker onaz gain, ez dira faltako musikak eta dantzan. Ondoren, eskutitzak, eskola eta kirol materiala edota sendagaiak banatuko dituzte errefuxiatuen artean.

Igandean zein astelehenean auzolana egingo dute. Batetik, haurtzaindegian, fatxada margotuko dute eta haur parkea muntatu; Soweto eskolan, aldiz, elektrizitate lanak egingo dituzte, baita soinketako materialaren formazioa eman ere. 

Asteartean, Rabunira joango dira, eta han erakunde publikoak ezagutuko dituzte: Iraupenaren museo nazionala, ilargi erdi sahararraren egoitza, ospitalea edo telebista, esterako. Asteazkenean, goizez, antzerki, kirol edota dantza tailerra egingo dituzte Soweto eskolan; arratsaldean, berriz, hitzaldiak izango dituzte, eta egunarekin amaitzeko festa izango da dairan.

Dunak eta azken afaria

Ostegunean Wilaya ezagutzeko aukera izango dute gazteek; agintarien harrera ekitaldian izango dira zumaiarrak. Arratsaldez, desertuko dunak ezagutzeko aukera ezin hobea izango dute: afari-merienda egngo dute, eta esperientziaren balorazioa egiteko aprobetxatuko dute une hori. Eginkizunen azken eguna ostirala izango da, apirilaren 18a. Goizez, haurtzaindegian egindako lanak inauguratuko dituzte, eta haren amaieran azokara joango dira. Arratsaldez, alkatearen eta kontsejuaren agurra jasoko dute, eta familiekin azken afaria egin eta gero, gauez, Tindufeko aireportura abiatuko dira, han Euskal Herrira bueltatuko dituzten hegazkina hartzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide