Maila goreneko zesta punta txapelketa hartuko du aurten ere Aitzuri pilotalekuak. Apirileko datozen hiru astelehenetan Zumaia Jai Alai Master Series txapelketa jokatuko dute Zumaiako pilotaleku luzean. Apirilaren 14an eta 21ean finalerdiak jokatuko dituzte, eta hilaren 28an, San Telmo egunean, final handia. Partida guztiak 19:00etan jokatuko dituzte. Txapelketarako bonoa eta sarrerak salgai daude dagoeneko.
Jai Alai Ligarako puntuagarria izango da gaur goizez Aitzurin aurkeztu duten txapelketan. Bertan izan dira lehian izango diren pilotarietako batzuk, horien artean lehian izango diren Zumaiako puntistak. Izan ere, herriko hiru pilotari arituko dira jokoan herrikideen artean: Imanol Lopez eta Unai Uranga gizonetan, eta Frida Watkins emakumeetan.
Iazko Masterrarekin alderatuta, jardunaldi bat gehiago izango du aurtengoak. Izan ere, lehendabizikoz Zumaian, emakumeen Masterra ere jokatuko dute. Hala, ligetarako puntuak banatzeko frontoi erabakigarria izango da Aitzuri pilotalekua.
Esperientzia eta gaztetasuna
Urangak iaz jantzitako txapela defendatzeko aukera izango du. Ohikoan, ez ditu Jai Alai Ligako partidak jokatzen, baina 2024an herriko txapelketa irabazi zuen Aritz Erkiagarekin bikotea osatuta, eta horrek aukera eman dio aurten ere Zumaiako Masterra jokatzeko. Iaz bezala, Erkiagarekin osatuko du Urangak bikotea.
Imanol Lopezek, berriz, Jean Olharanekin osatuko du bikotea herriko txapelketan. Beteranoa, 41 urte bete berri dituena, eta, gaztetasunaren faltan, esperientzia bere alde duena. Bera da, Barandikarekin batera, Jai Alai Ligako egungo txapelduna eta Zumaian irabazita estrainatu nahi du, aurtengo denboraldiko palmaresa.
Frida Watkinsek, aldiz, gaztea izanda ere –17 urte besterik ez ditu–, txapelketa ugari jokatu ditu azken urteotan. Lekeitioko Masterreko finalerako sailkatu berria da, eta Lopezen moduan, Watkinsek ere herrian jantzi nahiko luke denboraldiko lehen txapela. Zumaian, Ihart Arakistain sopelaztarrekin izango du horretarako aukera.
Hiru jardunaldi
Honakoak dira egun bakoitzean jokatuko dituzten partidak:
Apirilak 14, astelehena
- Ihart-Frida vs O. Sorozabal-Maialen
- Olharan-Lopez vs Urreisti-Manci
Apirilak 21, astelehena
- Elaia-Oaia vs. Helena-Maia
- Erkiaga-Uranga vs. Barandika-Zabala
Apirilaren 28, astelehena, San Telmo eguna
- Finalak
Hiru egunetarako bonoak salgai daude jada www.eramanjaialai.com webgunean eta jaialdi bakoitzerako sarrerak gaurtik aurrera egongo dira eskuragai weborri berean.