Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan arituko dira Zumaiako pilotariak

Julene Frantzesena 2025ko api. 10a, 15:00

Gipuzkoako hainbat pilota elkartetako eta federazioko kideak atzoko aurkezpenean.

Gomazko paletako eta zesta puntako modalitatetan arituko dira Zumaiako Kirol Elkarteko pilotariak. Maiatzean hasiko dira txapelketak.

Gipuzkoako Pilota Federazioak atzo, asteazkenez, aurkeztu zuen aurtengo Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, Donostian. Aurreko urteetan legez, lau modalitatetan ariko dira lurraldeko hainbat herri txapelaren bila: esku-pilota, gomazko paleta, larruzko paleta eta zesta punta.

Zumaiako Kirol Elkarteak parte hartuko du txapelketan, bi modalitatetan: gomazko paletan eta zesta puntan. Eskualdeko beste herri batzuetako pilotariak ere lehian arituko dira. Hala, eskuzko txapelketan ariko dira Azpeitia, Azkoitia eta Zestoa; gomazko paletan, Zumaiarekin batera, Aia, Azkoitia eta Zarautz; eta larruzko paletan Azpeitia. Atzo aurkeztu zituzten egutegiak eta zozketak ere egin zituzten. Beraz, dagoeneko zehaztuta dago zein herrik zein herriren kontra jokatuko dituzten lehen kanporaketak.

Martxan hasiko diren lehen txapelketak esku-pilotakoa eta gomazko paletakoa izango dira. Eskuzko lehiako final hamaseirenetako joaneko partidak maiatzaren 4an jokatuko dituzte; Azkoitiak Aretxabaleta izango du aurkari, Azpeitiak Aduna izango du parez pare eta Zestoak Lazkaoren aurka neurtuko ditu indarrak. Urola Erdiko hiru herrietako ordezkariek etxetik kanpo jokatuko dituzte joaneko partidak. Ekainaren 28an izango da txapelketaren finala, Donostiako Atano III.a pilotalekuan.

Gomazko paletan ere asteburu horretan ekingo diote norgehiagokei: Zumaiak Andoain izango du aurkari eta Zarautzek Lasarte-Oria; etxetik kanpo hasiko dituzte neurketak eskualdeko bi herrietako pilotariek. Azkoitia final zortzirenetan hasiko da lehian (maiatzaren 18ko asteburuan), eta Aia, berriz, final laurdenetan (ekainaren 1eko asteburuan).

Txapelketa horiek baino astebete beranduago ekingo diote larruzko paletakoari eta zesta puntakoari. Maiatzaren 11ko asteburuan Deban hasiko du lehia Azpeitiak, herri horren aurka jokatuko baititu final laurdenetako neurketak, eta ekainaren 7an izango da finala, Ordizian. Aldiz, zesta puntako txapelketan Zumaia izango da eskualdeko ordezkaria; etxean jokatuko ditu lehen jardunaldiko partidak Mutrikuren kontra, maiatzaren 11ko asteburuan. Ekainaren 22an izango da zesta puntako txapelketaren aurtengo finala.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide