Internet bidezko haurren sexu esplotazio delituen aurkako operazio handi bat egin dute hainbat herrialdetako poliziek Europan, martxoa eta apirila artean. Guztira, 166 pertsona atxilotu dituzte Europako 11 herrialdetan Fever izena jarri dioten operazioan, eta horietako bat Zumaian atxilotu dute; 17 urteko mutil bat da, Guardia Zibilak jakinarazi duenez.
Haur pornografia edukitzeagatik eta zabaltzeagatik atxilotu dute gaztea, Europan egin duten operazioaren barruan. Adin txikikoa izanik, haurren fiskaltzaren esku utzi zuten gaztea joan zen martxoaren 24an. Gipuzkoan, gainera, beste gizon bat ere atxilotu zuten; Idiazabalen, hain zuzen ere.
Atxiloketak egiteaz gain, 6.000 gailu elektroniko baino gehiago eta ia 600.000 irudi eta bideo atzeman dituztela iragarri du Guardia Zibilak. Gainera, operazioa oraindik zabalik dagoela ere iragarri du poliziak, eta azpimarratu du haur pornografia sortzen eta hedatzen aritzen diren nazioarteko sareei kolpe handia eman dietela.