Zumaiako Masterreko lehen jardunaldia jokatuko dute gaur Aitzurin

Juan Luis Romatet 2025ko api. 14a, 09:00

Txapelketako lehen finalerdiak jokatuko dituzte gaur arratsaldez Aitzuri frontoian. Zumaiako bi puntista kantxaratuko dira: Frida Watkins emakumeetan eta Imanol Lopez gizonetan.

Gaur jokatuko dute Aitzuri frontoian Zumaiako zesta punta Masterreko lehen jardunaldia. Txapelketako lehen finalerdia izango da, eta emakumezko eta gizonezko masterretako lehen finalerdiak jokatuko dituzte Zumaiako frontoi luzean. Jardunaldia 19:00etan hasiko da, eta kantxaratuko diren pilotarien artean bi zumaiar izango dira.

Hasteko, emakumeen partida jokatuko dute. Bertan, Frida Watkins zumaiarra jokoan ikusi ahal izango da. Ihartekin osatuko du bikotea, eta aurkariak Sorozabal eta Maialen izango dituzte.

Ondoren, gizonen norgehiagoka izango da, eta Imanol Lopez izango da jokoan arituko den lau puntistetatik bat. Olharanekin osatuko du bikotea, eta finalerako txartela lortzeko lehian Urreisti eta Manci mutrikuarrak izango dituzte aurkari. 

Txapelketa osorako bonoak edo jardunaldi bakoitzerako sarrerak www.eramanjaialai.com webgunean daude salgai. Egunean bertan frontoiko leihatilan ere eskuratu ahal izango dira.

Bideoa: Eraman Jai Alai

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!