Batzuek umetatik jakiten dute handitzean zer izan nahi duten, baina Irene Manterolak (Zumaia, 1968) eta Aitziber Etxabek (Zumaia, 1973) ez zituzten gauzak horren garbi. Etxabek, unibertsitatera bideratzeko ikasturtea (UBI) egiten ari zela, Irlandara joatea erabaki zuen au pair gisa, alegia, hango familia bateko umeak zaintzen zituen bitartean ingelesa ikasteko asmoarekin, eta han egin zituen pare bat urte. Manterolak, berriz, Administraritzako goi mailako ikasketak egin ostean erabaki zuen Londresera joatea. "Txikitatik erakartzen ninduen Londresek, hara joateko beharra sentitzen nuen, eta 7 urterekin hasi nintzen ingelesa ikasten". Au pair gisa joan zen hura ere, baina aurki zen bueltan. "Lehenengo aldi hartan, hiru hilabete egin nituen eta etxera bueltatu nintzen; ez zen esperientzia ona izan". Ez zuen, ordea, aho zapore gazi harekin gelditu nahi, eta "beste era batera", baina itzultzea erabaki zuen. Zortzi urte egin zituen bigarren aldi hartan, eta lehendabiziko laurak bere "bizitzako urterik onenetakoak" izan zirela ziurtatu du. "Denda batean hasi nintzen lanean, eta enpresa berean egin nituen zortzi urteak. Ama ere han izan nintzen, baina ume txiki batekin Londresen bizitzea ez zen erraza, eta bueltatzea erabaki nuen".
Atzerrian egin zituzten urteetan hasi ziren biak ingeleseko tituluak ateratzen, eta etxera bueltatzean, horretan jarraitu zuten, den-denak esku artean izan arte. Behin Zumaian, Etxabek Administraritza Eleaniztuneko goi mailako ikasketak egin zituen, baina ez zitzaion ikasitakoa gustatu, eta taberna batean hasi zen lanean. Horretan zela, bizimodua aldatuko zion lan eskaintza baten berri izan zuen: Itziar Artetxek ingeles irakasle bat behar zuen ordurako bederatzi urteko ibilbidea bazuen Harvest akademiarako –aurten 37 urte beteko ditu–. Duela 30 urte izan zen hori. Handik urte batzuetara, bide bera egin zuen Manterolak. Administrari lanak ez zuen erakartzen, eta batean eta bestean aritu ostean, Harvesten irakasle bat behar zutela jakin zuen. Aurkeztu egin zen, eta gaur arte. Duela hiru urtera arte, langile gisa aritu ziren akademian. Orain dela hiru urte, ordea, minbiziak jota hil zen Artetxe. "Hauxe da utzi zigun oparia", dio Etxabek. Gaur egun, biak dira akademiaren lemazainak.
Gazte eta esperientzia handirik gabe hasi ziren akademian lanean, baina hasiera-hasieratik "eroso eta gustura" jardun izan direla adierazi dute. "Itzi izan da gure laguna, irakaslea... Oso erraza izan da harekin lan egitea", hasi da Etxabe; hunkitu egiten dira hari buruz hitz egiten haste hutsarekin. "Hasi ginenean, gazteak eta esperientziarik gabeak ginen, baina geure erara lan egiten lagatzen zigun", jarraitu du Manterolak. "Beti hartu izan dugu ardura handiz gure lana, eta hori asko balioesten zuen berak. Pauta batzuk ematen zizkigun, bai, eta zalantzak bagenituen, laguntzen zigun haiek argitzen, baina, gainontzean, askatasunez utzi izan digu eskolak geure erara ematen, eta beti funtzionatu izan dugu ondo". Orain, gauza bera egiten dute akademian dituzten beste irakasleekin. "Esan liteke Itziren kopia batzuk garela, edo haren jarraipena", esan du Etxabek. Elkarren artean duten harreman on horren ondorio da akademian duten giroa. "Gustura etortzen gara lanera, pasioz egiten dugu gure lana, eta hori denean antzematen da. Eta gu ez ezik, ikasleak ere akademiara gustura eta pozik etortzea da gure helburua, nahiz eta badakigun beti ez dela erraza".
Hazten ikusten
LHko hirugarren mailatik hasi eta Batxilergoko bigarren mailara artekoa ikasleak dituzte gehienak, baita unibertsitatean dabilen bat edo beste ere. "Garai batean, akademiako ikasleen adin tartea askoz zabalagoa zen, umeei bezala, adinekoei ere ematen genizkien eskolak, baina azken urteetan, titulazioei lotutako exijentziak direla eta, aldatzen joan da hori. Orain sekulako presioa dute gazteek, eta DBHko 3. edo 4. mailan First tituluaren bila hasten dira", esan du Manterolak. Lehen gauzek beste modu batera funtzionatzen zutela gaineratu du Etxabek. "Jende heldua ere etortzen zen akademiara, ingelesa ikastea beste helbururik gabe; nire aita, bestearen ama... Orain, berriz, horrelako ikaslerik ez daukagu, eta ez nahi ez dugulako, ezin dugulako baizik; titulu bila datozenekin betetzen zaizkigu talde guztiak". Badute pena hori, oso talde politak izaten zirela baitiote; baina gaur egun, ez dira iristen horretara.
Urteotan guztiotan, auskalo zenbat zumaiar igaro diren Etxaberen eta Manterolaren eskuetatik; garai batean beraien ikasle izandakoen seme-alabak ikasle dituzte gaur egun. "Horrelakoetan konturatzen gara zahartzen ari garela", esan du Manterolak, barrez. "Baina oso polita da; 9-10 urterekin akademian hasi eta zortzi bat urtez gurekin izaten ditugu ikasleak, hazten ikusten ditugu, bakoitzak bere bidea nola egiten duen ikusten dugu... Gure inplikazioa erabatekoa da eta asko ematen dugu, baina jaso ere, asko jasotzen dugu". Eta horretan jarraitu nahi dute beste urte batzuez, biek ala biek oso garbi dute dute hori. Honela esan dute: "Gu hemen gelditzen gara. Gure ofizioa topatu dugula sentitzen dugu, eta hemen jubilatu nahi dugu. Jendeak barre egiten digu honek erabat betetzen gaituela esatean, baina halaxe da".
Aitziber Etxabe
• Adina: 52 urte.
• Ikasketak: Administraritza Eleaniztuneko goi mailako ikasketak eta ingeleseko titulu guztiak.
• Lanbidea: ingeles irakaslea.
• Ingeles irakaslea ez banintz… fisioterapeuta izango nintzateke.
• Lanetik ateratzean gogoko dut… afaldu eta lasai egotea; bestela, korrika egitea gustatzen zait asko.
Irene Manterola
• Adina: 56 urte.
• Ikasketak: Administraritzako goi maialako ikasketak, Filologia gradua eta ingeleseko titulu guztiak.
• Lanbidea: ingeles irakaslea.
• Ingeles irakasle ez banintz… kazetaria izango nintzateke.
• Lanetik ateratzean gogoko dut… musika entzutea, telesail bat ikustea eta lasai egotea.