Bikabi: "Behin lana argitaratuta, zuzenekoekin gozatzeko unea da"

Maria Maya Manterola | Urtzi Oteiza 2025ko api. 11a, 12:00

Zumaiako Bikabi taldearen Atentzioz, intentzioz lehen lanak otsailean ikusi zuen argia. Herrian aurkeztuko dute lana aurki, santelmoetan. Txosnagunean arituko dira apirilaren 26an.

Lokalean entseatzen harrapatu du GUKAk Zumaiako Bikabi taldea, Inbertsioa abestia jotzen. Otsailean kaleratu zuten Atzentzioz, intentzioz bigarren lana, eta santelmoetan aurkeztuko dute etxean. 

Nola sortu zenuten Inbertsioa abestia?

Manu Aizpurua: Lehenbizi alde instrumentala sortu genuen. Etxean nengoela akorde batzuk jotzen hasi nintzen, eta arrapaladan etorri zen kanta guztia: estribilloa, estrofak eta gainerako zatiak. Lokalera eraman nuen sortutakoa, eta buelta bat eman genion zirriborro hari. 

Abesti bakoitzaren harmoniak eskatzen didanaren arabera idazten ditut hitzak. Beti datoz gero hitzak. Kasu honetan, gizartean ezartzen zaigun eredu hegemonikoaz ari dira: sistemak behartzen gaitu lan egitera, gure dirua eta denbora inbertitzera, etorkizunean nire ustez inoiz iritsiko ez den zoriontasun absolutu batera iristeko. Sistema hori iraultzea aldarrikatzen duen kanta bat da.

Sarreran, gainera, Joanes Gallastegiren poema bat sartu dugu, eta Marina Lopez Sioque taldeko abeslariak kolaboratu du. Guretzako plazer bat izan da harekin lan egitea. 

Prozedura bera jarraitu duzue bigarren diskoko gainerako abestiak sortzeko?

M.A.: Bai. Etxean badaukat intimitate bat lokalean eduki ezin dudana. Ez naiz bereziki abila ni gitarra jotzen, baina konposatzeko orduan ideiak etortzen zaizkit; grabatu egiten ditut, eta lokalera ekarri. Abesti bakoitzak bere bidea hartu du gero, baina orokorrean, horrela sortzen dugu.

Kean haizea izan zen Atentzioz, intentzioz diskoko aurrerapen kanta. Abesti horri irudiak jarri dizkiozue.

M.A.: Bai. Berezia da abesti hori. 2024ko ekainean sortu genuen abestia Migel Gutierrezen estudioan. Niretzat berria izan zen esperientzia, abesti elektroniko bat sortu genuelako. Diskoko abestiak egiten hasi ginenean, pentsatu genuen aprobetxatzea. Nolabait «bikabizatu» genuen abestia, gitarrak eta sartu, eta abesti polit bat atera da hortik.  

Unai Linazisoro: Gure kuadrillako Iñaki [Agirrezabalaga] ikus-entzunezkoen munduan dabil, hainbat dokumental egin ditu, eta gogoa zeukan aspalditik gurekin zerbait egiteko. Harekin eta herriko jendearekin batera lortu dugu bideoklipa egitea; Aita Mari aretoan grabatu genuen, eta gustura geratu gara. Aurrekontuaren aldetik nahiko larri genbiltzan, eta lagunei esker lortu dugu bideoklip polit bat grabatzea.

M.A.: Garbi geneukan bideoklip bat nahi genuela; zailena izan zen aukeratzea zer kantarekin egin. Kanta honek badu punch berezi bat. 

Zeuek ageri zarete oholtza gainean, baina jendea ez dago zuei begira.

M.A.: Gaur egun, teknologia gehiegi erabiltzeak badakar nolabaiteko lausotasuna edo lainoa. Keak inguratzen gaitu, eta ez digu uzten lainotik haratago ikusten eta benetan bizitzan polita denaz gozatzen. Kontzertuetan, adibidez, sakelakoarekin grabatzen egoten da jende asko, eta lehenengo lerroan dantzan dagoena zoro bat da. 

Ozenago abestian diozue intentzioz ari den lagunari atentzioz entzuteko.

M.A.: Bai, hori da diskoak barnebiltzen duen kontzeptuaren abiapuntua. Norberak lezioak jaso ahal izateko prest egon behar du, eta atentzioz aditu behar zaio aldamenekoari. Errimaz gain, intentzioz aritu eta atentzioz aditzea nahiko esaldi borobila iruditzen zait, eta ondo laburbiltzen du bizitzan garrantzitsua izan daitekeen jarrera bat. 

Lehenengo kontzertua 2022an eman zenuten Zumaian, Dardara Festen. Zer bilakaera izan du taldeak ordutik?

U.L.: Lehen kontzertu hura Besteen ekaitza aurreneko diskoa ateratzean eman genuen, eta hamahiru-hamalau kontzertuko bira egin genuen gero. Ez genuen denbora askorik izan kanta berriak sortzeko. Kontzertuak bukatu genituenean hasi zitzaizkigun ideia berriak etortzen, eta orduan jarri ginen kantak egiteko prozesu horretan. Ikusi genuen aldaketa bat kantak egiteko orduan eta soinuaren aldetik. Ez hainbeste guk bultzatuta; naturalki etorri da. 

Ibilbideak emandakoaren zer balorazio egiten duzue?

M.A.: Musika gustatzen zaigulako egiten dugu. Plazer bat da kantak egitea eta Euskal Herrian zehar jotzea. Kanpoan ere ibili gara; Herrialde Katalanetan, esaterako. Esperientzia batzuk bizi izan ditugu, eta horrekin geratzen gara. Bizitza osorako geratuko diren abestiak ere hor daude. 

Santelmoetako kontzertua berezia izango da, ezta?

U.L.: Bai. Zumaian bi kontzertu bakarrik eman ditugu, eta hirugarrena izango da festetakoa. Lan berriarekin gatoz, eta santelmoetan ariko gara, herriko festetan. Berezia izango da. Aurrera begira, beste kontzertu batzuk ere ari gara lotzen, eta aurreko diskoarekin egin genuenaren antzeko zerbait egin nahi genuke: behin lana argitaratuta, kontzertuez gozatzea. 

M.A.: Zenbat aldiz egongo ote ginen eszenatokiaren azpian gu dena ematen? Zumaiako gaztetxearekin batera, plaza bereziena da guretzat. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!