Martxa handia, ezagutza txikia

Erredakzioa 2025eko apirilaren 20a

Zumaiar gehienen unerik gogokoena da helduen danborrada Kofradiaren aurrera iritsi eta 'San Telmo martxa'-ren doinuak hasten direnekoa. Abesti ezagunak hitzak badituen arren, herritar gutxik dakizkite horiek. Santelmoetako egunkari bereziko edukia da honako hau.

Festen lehen bi egunak igarota, iritsi da igande gaua. Helduen danborrada hasi da, eta Zumaiako hainbat txoko zeharkatu ondoren, Erribera kalean sartu dira danbor jotzaileak. Jendetza dute zain, eta Kofradia aurrean bildu dira herritarrak nahiz danbor jotzaileak, kalea leporaino betez. Gauerdian, Joxean Urresti arrantzale ohiak bandera igoko du, Zumaiako Musika Bandak San Telmo martxa-ren doinuak jotzen dituen bitartean.

Zumaiar gehienentzat magikoa, hunkigarria eta festetako unerik bereziena da hori. Herri osoa bildurik, San Telmo martxa-ren doinuak zabalduko dituzte lau haizetara, nahiz eta gehien entzungo diren hitzak "loloo lolololoolo" izango diren. Izan ere, abesti ezagunak hitzak badituen arren, herritar gutxik dakizkite horiek.

Historia

San Telmo martxa-k baditu hitzak; zumaiar batek eginak, gainera: Agustin Zubimendik. Zumaian dauden eta egon diren abesbatza guztietako kide edota zuzendaria izandakoa da Zubimendi, eta hark gogoratu duenez, doinuak Espainian du jatorria: "Zumaiako Musika Bandako zuzendari izandako batek ekarri zuen pieza, Teruel edota Castello aldetik, baina ideia nagusia kalejira egitea zen. Urtero-urtero jotzen zen, ordea, eta San Telmo martxa bilakatu zen azkenean".

Hitzei dagokienez, hasiera batean Iñaki Eizmendi Basarri bertsolariari eskatu zioten horiek sortzea. "Baina hitzek ez zuten bat egiten doinuarekin, eta egun batean nigana jo zuten; hala, moldaketa batzuk egin nituen", azaldu du Zubimendik.

Gaur egun, festetan elizan abesten dute San Telmo martxa, baita San Telmo ermitan ere, eta kalean, helduen danborradako unean ere entzun daiteke, gutxi, ordea. Horregatik, Zubimendik zumaiarrak abestia kantatzera gonbidatu ditu.

Hona hemen San Telmo martxa entzuteko audioa (2000. urtean San Pedro txiki abesbatzak kantatuta, Pili Aizpurua eta Geni Doval zuzendarien eskutik) eta abestiaren hitzak, herritarrek hurrengo igande gauerdian abestu dezaten:

Zumaiar denok bitarteko bat

Degu goietan

Leial eta benetan

San Telmo maite

Erruki zaitez

Gorde gaitzazu

Erbeste honetan

LA, LA, LA, LA, LA, LA, LA, LA, POM PORROM…

Arrantzaleok

Zugan daukagu

Uste osoa

Luzazu besoa

Eiguzu lagun

Nahiz gau nahiz egun

Arrisku danak

Menpera ditzagun

LA LA LA LA LA LA, LA, LA, LA POM PORROM…

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide