Darahliren espedizioa Zugeko errefuxiatuen kanpalekuetan da jada

Maria Maya Manterola 2025ko api. 12a, 22:30

Goizeko 11:30ak aldera heldu dira Darahliren espedizioan parte hartzen ari diren dozenaka lagun Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara. Elkar ezagutu eta atseden hartzeko eguna izan da gaurkoa. Bihar, auzolana egingo dute haurtzaindegian eta eskolan.

Espero baino luzeagoa izan da Zumaiatik Saharako errefuxiatuen kanpalekuetarainoko bidea, baina Zugen dira jada Zumaiako eta Urola Kostako zenbait herritar, Darahliren aurtengo espedizioan. 

Hegazkina goizeko 04:30ak aldera aireratu zen atzo, ostirala, Gasteiztik, eta goizaldean lur hartu du Tindufeko (Aljeria) aireportuan. Ikas materiala, sendagaiak eta bestelako produktuz osaturiko dozenaka kaxaren zain egon behar izan dira, horiek autobusetan sartu eta Auserd aldera abiatzeko. Wilaya horretako Zug herrian hartu dute ostatu, bertako etxeetan banatuta, eta familiak ezagutzeko, gosaltzeko nahiz atseden hartzeko baliatu dituzte bidaiko lehen orduak.

Bero hartu dituzte euskal herritarrak sahararrek. Arratsalde partean egin dute Zugeko dairan (udaletxean) harrera ekitaldia, eta Zumaiatik heldutako dozenaka ikasleez gain, bertan izan dira Azkoitiako, Zumaiako eta Zestoako alkateak ere. Saharako errefuxiatuentzat nahiz Darahlirentzat esker hitzak izan ditu Ana Azkoitiak; Iñaki Ostolazak, laguntza emateko prestutasuna agertzeaz gain, sahararren autodeterminazio eskubidea aipatu du beren lurrak berreskuratzeko ezinbesteko pauso gisa.

Euskal dantzak egin dituzte zumaiarrek, Saharako dantza tradizionala sahararrek, eta gero, herriko familia behartsuenei laguntza ekonomikoa eman diete Darahliren izenean. Ekarritako materiala eman diete, bukatzeko. 

Bihar auzolana egingo dute goizez eta arratsaldez: haurtzaindegia margotu eta haur parkea muntatuko dute, eta eskolan, elektrizitatea txukuntzeaz gain, soinketako materialarekin formazioa eskainiko dute. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!