Auzolan eguna izan dute gaur Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan Zumaiatik heldutako dozenaka lagunek. Bidaiako nekeak arintzeko atsedena hartu ondoren, bigarren egunean gogotik egin dute lan Zug herriko haurtzaindegian zenbait hobekuntza lan egiteko.
Pintura ontzietan banatu, eskularruak jantzi eta taldeka banatuta ekin diote lanari. Giro ederrean eta musika lagun zutela eman diote lehen pintura geruza haurtzaindegiaren kanpoaldeko paretari, eta haurrak haurtzaindegitik irteterako bukatu dituzte lanak. Beste zenbait hobekuntza ere egin dituzte: barrualdeko haur parkean txirrista bat ezartzea eta argindarra hobetzea, esaterako.
Soweto eskolan ere izan dira lanean, elektrizitatearen instalazioan. Bihar ere auzolanean jarraituko dute Euskal Herritik etorritako hamarnaka lagunek, hurrengo egunetan ingurua ezagutzeko tartea hartu aurretik.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!